Albisteak

Musika, artea eta gastronomia

Urteko azoka bereziena hartuko du Bilboko Maiatzaren 2ko kaleak hurrengo astean

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Vintage moda, diseinuak, liburuak, artisautza eta dekorazio produktuak izango dira eguneko plater nagusienak, baina 12:00etatik aurrera bestelako jarduerak ere egongo dira.

Bilboko Maiatzaren 2ko kaleak (Lamana eta Castillo Jeneralaren kaleak barne) urteko azoka bereziena hartuko du hurrengo larunbatean. Hala, maiatzaren 5eko hitzordurako, bigarren eskuko postuak ez ezik, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek; hala nola, musika, tailerrak, dantzaldiak eta street food zerbitzua.

Dakizuenez, hilabeteko lehenengo larunbatean egin ohi dute Maiatzaren 2ko azoka ezaguna, baina urtean behin edizio berezia antolatzen dute: maiatzean, hain zuzen ere. Hala, 10:00etatik 20:00etara giro aparta egongo da aipatu hiru kaleetan eta inguruetan.

Vintage moda, diseinuak, liburuak, artisautza eta dekorazio produktuak izango dira eguneko plater nagusienak, baina 12:00etatik aurrera bestelako jarduerak ere egongo dira. Ordu horretan, esaterako, flamenko tailerra egingo dute. 12:30ean kalejiran aterako dira bi perkusionista. Gainera, antzerkia, dantza ikuskizunak eta musika emanaldiak izango dira. Lamana kalea girotzeaz Ciscar meets Feten disko-jartzaileak arduratuko dira. Horrez gain, txalaparty saioak txalapartarien eta Djen saioak uztartuko ditu.

Afrika Bibang abeslari afroeuskalduna eta Charles Cooper saxofoi-jolea ere arituko dira. Esan gabe doa, Global Funk Spundsystemen musika ere entzungo dela. Bukatzeko, 17:00etatik aurrera, On & On-en erritmora dantzatuko dute bertan bildutakoek.