Albisteak

Agiria

Aviciik bere buruaz beste egin omen zuen

AGENTZIAK | EITB.EUS

"Bizitzaren eta zoriontasunaren ideiak ulertzeko borrokatu zuen, indarrak agortu zitzaizkion arte. Orain bakea bilatzen zuen", esan dute senitartekoek agiri baten bidez.

Iragan asteko ostiralean aurkitu zuten hilda Avicii disko-jartzailea, Omanen. Egun batzuk geroago familiak adierazi duenez, artista suediarrari ez zitzaion borrokatzeko indarrik geratzen eta "bakea" besterik ez zuen nahi.

"Bizitzaren eta zoriontasunaren ideiak ulertzeko borrokatu zuen, indarrak agortu zitzaizkion arte. Orain bakea nahi zuen", esan dute senitartekoek agiri baten bidez.

Tim "Avicii" Bergling "bilatzaile bat zen, arima artistiko ahul bat, gai existentzialetan interesa zuen, oso perfekzionista, lan asko egiten zuen mutil bat, eta horrek estres handia eragin zion", familiaren hitzetan. Hitz horiekin eman dute aditzera Aviciik bere buruaz beste egin zuela, nahiz eta baieztapen ofizialik egon ez den.

2016ko martxoan denbora baterako agertokiak utziko zituela iragarri ostean, "oreka" bilatzen saiatu zen bere bizitzan, bere buruarekin pozik egoteko eta gehien gustatzen zitzaiona egin ahal izateko: musika.

"Tim ez zegoen prest zeukan lan erritmoa aurrera eramateko", gaineratu dute.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika
  • Albisteak