Albisteak

Heriotza

Aviciik kristal zorrotz batekin egin zuen bere buruaz beste

AGENTZIAK | EITB.EUS

Hainbat zauri egin omen zituen lepoan eta eskumuturretan, eta, ondorioz, odolustu egin zen.

Duela bi aste hil zen Avicii disko-jartzaile suediarra Omanen, eta azken orduotan TMZ atariak jakitera eman duenez, kristal zorrotz batekin egin zuen bere buruaz beste.

Musikariaren gertuko iturriak aipatuta, TMZk argitu du kristal zati horrekin hainbat zauri egin zituela lepoan eta eskumuturretan, eta, ondorioz, odolustu egin zela. Litekeena da ardo botila baten zati bat baliatu izana horretarako.

Esan bezala, Mascat Omango hiriburuko hotel batean aurkitu zuten hilda. Handik egun batzuetara, apirilaren 26an, hain zuzen, disko-jartzailearen familiak adierazi zuenez, "borrokatzeko indarrak ahitu zituen eta bakea nahi zuen". Adierazpen horiek suizidioaren gaineko hipotesi guztiak indartu zituzten.

Ordura arte, musikari suediarrak osasun arazo larriak izan zituen alkoholarekin. Familiaren arabera, 2016an agertokiak denbora batez uzteko erabakia hartu zuen "bizitzan oreka bilatzeko eta gehien gustatzen zitzaiona egiteko, musika".