Albisteak

Maiatzaren 20an

'Gu be zuek gara' egitasmo solidarioak musikaz jantziko du Gernika

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Minbizia duten haurren aldeko kontzertuan, Gatibu, Vendetta, Hesian, Gozategi, Betagarri, ETS, Txapelpunk, Enkore eta Revolta Permanet taldeetako musikariak egongo dira, Oxabirekin batera.

  • Gatibu, 40 Minutu Rock jaialdian. Argazkia: Gaizka Peñafiel

    Gatibu, 40 Minutu Rock jaialdian. Argazkia: Gaizka Peñafiel

Maiatzaren 20an, La Cuadri del Hospi elkartearen aldeko diru-laguntzak biltze aldera, "Gu be zuek gara" ongintzazko ekimena hartuko du Gernikak. Horretarako, ekintzaz betetako eguna antolatu dute, bigarren urtez jarraian. Hain zuzen ere, umeen minbiziaren ikerketa eta hezur-muinaren dohaintza bultzatzeko asmoz sortu zen elkartea.

Hala, goizetik, lasterketa solidarioak egingo dituzte, bai helduentzako maratoia eta baita haurrentzako korrikaldia ere.

13:00etatik aurrera, Oxabi erromeriak girotuko du herria. Hiru orduko kontzertua emango dute Jon Gomezek eta taldekideek. Dakizuenez, beste euskal talde batzuen abestiak moldatu ohi dituzte Oxabi taldekoek, eta talde horietako musikariak taula gainera gonbidatu eta elkarlanean arituko dira Gernikan bildutako musikazaleen gerriak mugiarazten.

Besteak beste, Gatibu taldeko Alex Sardui eta Haimar Arejita, Hesianeko Zuriñe Hidalgo eta Fran, Vendettako Peio Reparaz, Gozategiko Asier eta Iñigo, Betagarriko Iñaki, En Tol Sarmientoko Iñigo, Iñigito Txapelpunk, Xabi Hoo (Enkore), Revolta Permanenteko Iker Villa, Maren, Txurru eta Oihan Vega aterako dira agertokira. Gainera, "Gu be zuek gara" jaialdiaren abestia egiteaz arduratu den Dientes de Lunak ere harrapatuko du oholtza egun horretan.