Albisteak
Maiatzaren 27an, Santurtzin
Governors, Ze Esatek, Skakeitan eta Itziarren Semeak arituko dira Ibilaldian
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Oxabiren, Trikizioren eta Dj Alexen musika ere entzungo da Santurtzin maiatzaren 27an. Ibilbidea lau gunetan egongo da banatuta.
Herri Urrats festa datorren urtera arte agurtu ostean, Bizkaian dugu ikastolen aldeko hurrengo hitzordua hamar egun barru. Santurtzin egingo dute aurten Ibilaldia, maiatzaren 27an, eta ohi bezala, musikak leku garrantzitsua beteko du han.
Bart aurkeztu dute egitaraua, adin guztietako ekintzak hartuko dituen programazio zabala. Lau gunetan banatuko dituzte etxeko txikienei, gazteei zein helduei zuzendutako jarduerak.
Zuzenekoak bigarren, hirugarren eta laugarren guneetan egingo dituzte: Bustin, Gozatun eta Sortun, hain zuzen. Lehena Nautikan egongo da kokatuta, eta hantxe arituko dira Xabi Aburruzaga, Governors eta Trikizio.
Gozatu gunea, berriz, portuan atonduko dute, non Oxabi, Skakeitan eta Ze Esatek bihurtuko diren protagonista. Bukatzeko, Mamariga auzora gerturatu beharko dute Sortu guneko emanaldiekin gozatu nahi dutenek. Bertako oholtzara igoko dira Dj Alex eta Itziarren Semeak, besteak beste.