Albisteak

Iruñea

Micek abiatuko du ostegun honetan Kantu eta Hitza euskarazko kontzertu zikloa

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Miren Narbaiza abeslari eibartarrak 20:30etik aurrera aurkeztuko ditu disko berriko kantuak Iruñeko Patio de Gigantes aretoan.

Ostegun honetan ekingo diote Kantu eta Hitza zikloari, eta Mice kantaria arduratuko da aipatu hitzordua irekitzeaz. Musikari eibartarraren kontzertua Iruñeko Patio de Gigantes aretoan izango da.

Napoka Iria bikotean bi urtez aritutako Miren Narbaiza 20:30ean aterako da oholtzara, eta sarrera doakoa izango da. Horretarako, emanaldia baino lehen, eraikin berean, gonbidapena jaso beharko dute kontzertura doazenek, Iruñeko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Buelteri eusten diskoa aurkeztuko du, hain zuzen, Nafarroako hiriburuan, hots, bakarkako ibilbidean grabatutako estreinako lana. Guztira, zortzi abesti jaso ditu diskoan, zeinetan "atmosfera ilunak, tempo leunak eta distortsioak une biziagoekin eta Narbaizaren ahots bereizgarria uztartzen diren".

Kantu eta Hitza zikloaren hurrengo emanaldia maiatzaren 24an izango da. Egun horretan Don Inorrez proiektua taulatauko du Imanol Ubedak. Hilaren 31n Jabier Muguruzaren txanda izango da. Ekainean, berriz, Alboka (ekainak 7), Miel Otxin eta Lauarin Dantzariak (ekainak 14), Jean Bordaxar (ekainak 21) eta Lumi (ekainak 28) arituko dira.