Albisteak

Iragarpena

Hilary Duff abeslaria haurdun dago

Ane Roteta

Duela urtebete ezkondu zen Mike Comrierekin, eta urteurrenaren egun berean eman du artistak albistearen berri bere webgunean.

Hillary Duff abeslari eta aktorea haurdun dago, eta Mike Comrie hockey jokalari profesionalarekin izango duen lehenengo haurra izango da. Bikoteak urte bat darama ezkonduta, eta ezkontzaren lehenengo urteurrena ospatu duten egunean eman dute albiste pozgarriaren berri. Artistak, azkenean, ama izatearen ametsa beteko du.

Hillary Duffek eta Mike Comriek, beraz, lehenengo umea izango dute elkarrekin. Aktoreak hitz hauek idatzi ditu bere webgunean: "Kaixo denei! Mike eta ni gure ezkontzaren lehenengo urteurrena ospatzen ari gara eta, egun berezi horren oroigarri, gure ezkontzako argazki batzuk interneten jartzea erabaki dugu. Ezin dut sinetsi dagoeneko urte bat pasatu denik, eta benetan gozatzen ari zarenean denbora hegan egiten duen erakusgarri da hori".

"Gainera, familian hiru izango garela albiste hunkigarria da, eta zuek honen berri izatea nahi dugu. Oso pozik gaude, eta gure bizitzako aro berri bat hasteko prest gaude. Eskerrik asko urte hauetan guztietan jasotako laguntza eta maitasunagatik", gaineratu zuen Hilaryk.

Bere haurdunaldiaren berri eman baino lehen, bere senarrarekin familia bat eratzeko ideiarekin pozez zoratzen zegoela adierazi zuen: "Ume bat edukitzeaz hitz egin dugu, eta bai, egin nahi dugu". Orain, itxarotea bakarrik falta da.