Albisteak

'Sortuko dira besteak'

Eñaut Elorrieta eta Alex Sardui, nazioarteko kantu klasikoak abesten

L.Z.

"Sortuko dira besteak" ikuskizuna Elgetara, Bilbora, Gasteizera eta Donostiara helduko da hurrengo asteetan. Nazioarteko abestiak euskarara moldatuko dituzte hainbat euskal abeslarik.

02:11
''Sortuko dira besteak'' ikuskizuna, azaroaren 25etik aurrera

Euskal kantagintzako ahots ezagunak bildu ditu "Sortuko dira besteak" ekimenak. Nazioarteko abesti klasikoak euskarara moldatu dituzte hainbat euskal kantarik. Guztira sei artista ikusiko ditugu Sortuko dira besteak ikuskizunetan: Eñaut Elorrieta, Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Petti, Arantxa Irazusta eta Pier Paul Berzaitz, hain zuzen.

Euskal abeslari hauek, besteak beste, Brelen, Cohenen, Milanesen, Llachen eta Rolling Stonesen kantuak moldatuko dituzte. Gainera, Xabier Leteren, Mikel Laboaren, Imanolen eta Benito Lertxundiren lanak berreskuratuko dituzte, eta Lauaxetaren, Xalbadorren, Sarrionaindiaren, Gabriel Arestiren eta Gandiagaren testuak eta poesiak entzungo dira kantaldietan.

Ikuskizunak azaroaren 25etik abenduaren 22ra bitartean egingo dira, Elgetan, Bilbon, Gasteizen eta Donostian.