Gaztea

Azoka

Abenduaren 2tik 6ra egingo dute Durangoko Azokaren 51. edizioa

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Bost eguneko Azoka egingo dute 2016an ere. Oraingoz, horixe da antolatzaileek 51. edizioari buruz jakinarazi duten bakarra.

Berezia izan zen iazko Durangoko Azoka, 50. urteurrenak kutsu berezia utzi baitzuen bisitarien artean. Ohi bezala, euskal kulturaren plaza bilakatu zen Durango, bost egunez, eta han antolatutako musika zein literatur ekitaldiek milaka euskaltzaleren arreta piztu zuten.

Baten batzuek gogoan dute oraindik iazko abenduan han bizitakoa, baina konturatu orduko oroitzapenak ahal den neurrian ahantzi, eta 51. ediziora begira jarriko dira asko eta asko. Antolatzaileak, adibidez, buru-belarri dabiltza lanean 2016ko Azoka prestatzen, eta dagoeneko iragarri dute zein egunetan irekiko dituen ateak hurrengo edizioak.

Hain zuzen ere, sare sozialen bidez zabaldu dutenez, abenduaren 2ko hasiera ekitaldiarekin abiatuko dute Azoka, eta bost egun geroago, alegia, abenduaren 6n, itxiko dute.

Gaur-gaurkoz, ordea, horixe baino ez dute jakinarazi antolakuntzatik. Horrenbestez, "Izan DA, eta Izango DA" leloa lagun, 51. edizioaren gaineko xehetasunak argitzen joango dira aurrerantzean ere.

rerantzean ere.