Gaztea

Sariak

"Let's jazz" bideoarentzat izan da Epaimahaiaren Saria Gaztea Dantzan lehiaketan

LUZIA ZUGADI | eitb.eus

Entzuleen Saria, berriz, "Ranp Dance" talde ondarroarrarentzat izan da. Gainera, beste lau sari banatu ditugu hogeita lau finalisten artean.

3:45

Gaztea Dantzan lehiaketaren laugarren edizioa bukatu da, epaimahaiak bere erabakiaren berri eman ostean. Prozesu luzea eta zaila izan dute epaimahaikideek irabazlea aukeratzeko, maila handiko koreografiak jaso baititugu oraingo honetan ere. Alabaina, horien artean bakarrak lortu du epaimahaiaren sari nagusia: Itziar del Val bilbotarrak aurkeztutako "Let’s jazz" dantzak, hain zuzen ere.

"Let's jazz"

Epaimahaiak, ostera, ez du sari bakar hori eman, bikote edo bakarkako onena ere saritu baitu. Kasu honetan, Donostiako "Gure bazterrak" bideoak eskuratu du garaikurra. Aitor Bengoetxea dantzariaren lana da, eta Ibon Taboadak egin du bideoa. Bestalde, bideo onena ere saritu dugu: Tolosako "Udaberri, udazkenerako prest!".

"Gure bazterrak"

"Udaberri, udazkenerako prest!"

Entzuleen Saria

Entzuleen Sariak ez du ezustekorik eman. Izan ere, aste osoan bozketan aurretik ibili den "Ranp Dance" koreografia izan da entzuleen artean bozkatuena. Guztira, 888 boto jaso ditu, bigarren sailkatuak baino 224 gehiago. Basauriko "Brand new" kokatu da bigarren, boto kopuruari dagokionez, eta "The Clue" talde getxoztarrarentzat izan da hirugarren postua, 601 boto lortuta.

"Ranp Dance"

"Brand new"

"The Clue"

Sariak

Oinarrietan azaldu genuen bezala, asko dira Gaztea Dantzan lehiaketan banatu ditugun sariak. Batetik, Epaimahaiaren sariak 1.000 euro eman dizkio irabazleari; 500 euro, bigarren sailkatuari, eta 500 euro bideo onenari.

Bestetik, Entzuleen Saria jasota, 1.000 euroko sari potoloa eraman dute "Ranp Dance" taldekoek. Boto kopuru handiena izan duen bigarren dantzak, berriz, 500 euro eskuratu ditu, eta hirugarrenak, 300 euro.

Zorionak irabazle guztiei!