09:40

Gaztea

Durangoko Azoka 2017

Hamaika ekitaldi aukeran, bost egunez, euskal kulturaren plazan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Musikari dagokionez, proposamen ugari dakartza egunak. Ahotsenean, esaterako, Rafa Rueda, Maider Zabalegi eta Beira izango dira. Plateruenan, berriz, Governorsen musikak astinduko du oholtza.

1:22
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Hirugarren urtez jarraian, bost eguneko maratoia egingo du Durangoko Azokak. Gaurtik hasi eta abenduaren 10era arte, euskal sortzaileen bizileku bihurtuko da Bizkaiko aipatu udalerria. Literatura eta musika ardatz hartuta, gazte zein helduei zuzendutako argitalpenak aurkituko ditugu Durangon egun horietan, zortzi gunetan banatuta.

Lehenengo egun honetan, adibidez, Areto Nagusiak hartuko du ekitaldi nagusia. Han, "Hasieraren hazia" sarrera hitzaldia emango dute 12:00etan. Leku berean, baina 16:30 aldera Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldearen 30. urtemuga ospatuko dute, eta 18:00etan #BOTABA esamoldeen erronkak sari-banaketa egingo du.

Horiek, ostera, ez dira eguneko hitzordu bakarra izango, gustu guztiak asetzeko adina jarduera antolatu baitituzte. Fito Rodriguez, Demode Quartet eta Miren Gaztañaga dira Ahotseneako solasaldietan parte hartuko duten artistetako batzuk. Kontzertuen karpan, berriz, Rafa Rueda, Beira, Nomadak, Beñat Igerabide eta Maider Zabalegi arituko dira, besteak beste.

 

 

Bestalde, Irudienean Estitxu kantariari buruzko film laburra aurkeztuko du Franck Dolosor kazetariak, 13:00etatik aurrera. Leku berean, 52. Durangoko Azokako kartelaren irudiaren nondik norakoa ezagutzeko aukera izango da. Izan ere, Jose Antonio Sistiagaren 'Impresiones en la alta atmosfera' film laburreko fotograma bat da aurtengo azokako irudia. Szenatokiak ere indartsu hasiko du Azoka, Josu Kamararen zuzendaritza eta Jon Maiaren gidoia duen Ele! lana agertokira eramanda.

Bukatzeko, Plateruenan bukatuko dute eguna gautxorienek. 22:30etik 00:00etara Governorsek Z.E.R.O. (Zikloari Ekin dio Rhinopalpak Ohartzerako) diskoko abestiak taularatuko ditu hantxe, ehunka jarraitzaileren aurrean.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean