Gaztea

Jaialdiak

BIME Live 2023: Gazteako erredakzioak gomendatzen dizun musika ibilbidea

B. F. | Gaztea

Urriaren 25etik 28ra, musikak Bilboko kale eta aretoak hartuko ditu, BIME Live jaialdiaren edizio berri batean. Kontsultatu hemen kontzertuen zerrenda eta ordutegiak.

  • BIME Live 2023

    BIME Live 2023

Bilbok BIME Musikaren Nazioarteko Topaketaren hamaikagarren edizioa hartuko du, urriaren 25etik 28ra. Programazioaren baitan, bereizitako bi ekimen nagusi izango dira: BIME PRO (tailerrak, masterclassak eta mahai inguruak, nazioarteko profesionalei bideratuta) eta BIME Live (90 kontzertu eta dj setetik gora, doan, hiriko hainbat tokitan banatuta).

Kontzertuak, asteazkenetik larunbatera

Lau egunetako programazioa errepasatuta, Gazteako erredakzioak honako ibilbidea proposatzen dizue.

Asteazkena

Asteazkeneko programazioa

Asteazkeneko programazioa

Jaialdiko lehen egunean, Bilborocken abiatuko dugu gure ibilbidea, Suu kataluniar artistaren (19:45) zuzenekoarekin. Dagoeneko hiru disko publikatu dituen arren, aurten ezagutu dugu gurean, ZETAKekin elkarlanean egindako "Pa amb Oli I Sal" abestiarekin.

Gero, Mesedeetako Zubia gurutzatu eta Olaia Inziarteren (21:45) musikaz gozatzeko aukera izango da, La Ribera tabernako oholtzan.

Gauaren hasierarako, bi proposamen: kataluniar aretoak goraino betetzen dituen The Tyets taldea (23:15, Kafe Antzokian) eta horren ezaguna ez den Ultralágrima valentziar banda (22:00, Crystal aretoan).

Parranda luzatu nahi dutenek izango dute aukera, Crystal aretoan, GELA euskal djaren setarekin (00:00).

Osteguna

Osteguneko programazioa

Osteguneko programazioa

Bigarren egunerako, euskal artisten ibilbidea.

Stage Live aretoan hasiko dugu arratsaldea, STR bizkaitarren zuzenekoarekin (19:40). Jarraian, bertatik mugitu gabe, Nhil banda ikusiko dugu oholtza gainean (20:40).

Aurrekoak bukatuta, 5-7 minutu ibili eta Crystal aretoan egingo dugu hurrengo geldialdia, Mirua (22:20) eta Chill Mafiaren (23:20) kontzertuez gozatzeko.

Ostirala

Bi aukera ditugu ostiraleko ibilbidea hasteko: Hiuzz iruindarren rock zikina (19:30, Bilborocken) eta Valverdina, Cariño taldeko abeslariaren bakarkako proiektua (19:00, Crystal aretoan).

Gero, Kafe Antzokira hurbildu eta TOC mungiarren zuzeneko ikusgarrian murgilduko gara, 21:30ean.

Afalostean, bi aukera. Giro lasaiagoa bilatuz gero, hurbildu Crystal aretora, Ralphie Choo madrildar artista ikusteko (22:30). Bestela, Kafe Antzokitik mugitu gabe, Nerve Agenten kontzertuak hitzik eta arnasik gabe utziko zaitu (23:40).

Gaua luzatu nahi dutenek Crystalera joan beharko dute, 00:00etatik aurrera. Bertan izango dira guk galduko ez genituzkeen bi artista: Tronis euskal dja (00:00) eta Nusar3000 madrildarra (2:00).

Larunbata

Kalean hasiko dugu azken eguna, Saskibaloi Zelaiak oholtzan, ALAI dj eta ekoizle tolosarrarekin (15:30). Jarraian, trapa gustuko baduzue, gelditu bertan eta eman aukera bat Metrikaren letra zorrotzei (16:30).

Erregistroa erabat aldatuta, Kafe Antzokira. Bertan, Leihotikan nafarren itzuleraz gozatzeko aukera egongo da, 21:00etatik aurrera.

BIME nahikoa izan ez baduzue, badakizue non bukatu jaia. 00:00etan hasita, GAZZI djak Crystal aretoa dantzan jarriko du, goizaldera arte.

Ostiral eta larunbateko programazioa

Ostiral eta larunbateko programazioa