EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

ELKARRIKZETA

Otegi: ‘Hauteskundeak niretzat hil ala biziko izan daitezen nahi dute’

Datorren irailaren 25eko hauteskundeetan “bere etorkizun politikoa” jokoan dagoela ukatu du EH Bilduren lehendakarigaiak.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaiak uste du datozen irailaren 25eko hauteskundeak berarentzat “hil ala biziko” izan daitezen nahi dutela batzuek, baina bere etorkizun politikoa “jokoan” ez dagoela esan du.

Hauteskundeak izateko hilabete falta dela, Auzitegi Nazionaleko Fiskalak bere hautagaitza bertan behera uzteko aukeraren inguruan adierazi duenez, “Zuzenbideko lehen mailakoa da, Iker Casanovaren kasuarekin aurrekariak daudelako. Legebiltzarkide aukeratu zuten, epaitegiek ezgaitu bazuten ere”.

“Ni ezgaitzeko iruzur egin behar dute eta Auzitegi Goreneko, Konstituzionaleko eta Auzitegi Nazionaleko jurisprudentziari bizkarra eman behar diote”, azpimarratu du. Horren ildoan, B planik ez duela esan du buruzagi abertzaleak, batzuen ustez “probokazio bat” bada ere.

“Ez dakit Otegi efekturik ote dagoen, irailaren 25ean ikusiko dugu”, adierazi du EH Bilduren hautagaiak. Baina, Estatuak bere hautagaitzaren inguruan duen jarrera ikusita, “zerbaiten beldur” direla uste du.

Datozen hauteskundeak garrantzitsuak izanik ere, bere etorkizun politikoa jokoan ez dagoela iritzi dio buruzagi abertzaleak. “Zazpi legebiltzarkiderekin eta hamalaurekin izan nintzen Legebiltzarrean, eta oraingoan gehiago lortuko ditugu”,  gehitu du.

Legegintzaldi berriko Ganberak erakutsiko duen argazkiak “erabakitzeko eskubidearen eta ongizate estatua berreskuratzearen aldekoen” nagusitasuna erakutsiko duela gaineratu du Otegik. Horregatik, EAJrekin eta Podemosekin akordio zabalak lortzea posible izango dela ziur da.

Espainian, Mariano Rajoyren inbestidura saioari begira, egiten ari diren negoziazioak eta hirugarren hauteskundeen aukera “ikuskizun deitoragarria” dela iritzi dio EH Bilduren hautagaiak.

Elkarbizitza “nahikoa normalizatua” dagoela agertu du eta “memoria, presoen auzia eta ETAren desarmea” jorratu beharreko gaiak direla gaineratu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Politika Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea