EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Zerrenden aurkezpena

Izen berri ugari euskal alderdietako zerrendetan

Gauerdian bukatu da hauteskunde zerrendak erregistratzeko epea. Alderdiak berritu egin dira irailaren 25erako.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi politikoek euren zerrendak erregistratu dituzte dagoeneko hauteskunde batzordeetan, irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetara begira. Hain zuzen ere, gaur gauerdian bukatu da hautagaitzak aurkezteko epea.

Hori horrela, alderdi nagusien lehendakarigaiak hauek izango dira: Iñigo Urkullu (EAJ), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE), Alfonso Alonso (PP), Pili Zabala (Elkarrekin Podemos) eta Nicolas de Miguel (Ciudadanos).

Ezusteko nagusia UPyDk, duela aste batzuk zerrenda aurkeztuko zuela iragarri ondoren, hauteskundeetan parte-hartzeari uko egin izana da. Zalantza nagusia, berriz, Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiak aurkezterik izango duen. Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea gaur hasiko da haren hautagaitza aztertzen.

Alderdiek aurkeztutako zerrendei dagokienez, EAJk Iñigo Urkullu du lehendakarigai eta Arabako zerrendaburu. Bizkaian, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea izango da lehena, eta, Gipuzkoan, Joseba Egibar bozeramailea.

Alderdi jeltzaleak egun dituen 27 legebiltzarkideen erdiek, 14k, ez dute karguan jarraituko; Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak, besteak beste.

EH Bildun, Miren Larrion Gasteizko Udaleko bozeramaile abertzalea (Araba) eta Jasone Agirre kazetaria (Bizkaia) izango dira zerrendaburuak, Otegirekin batera.

Laura Mintegik EH Bildura itzultzea onartu du, eta Bizkaiko zerrendako azken postuan aurkeztuko dute.

PSE-EEk hiru emakume izango ditu lehen aldiz zerrendaburu gisa: Idoia Mendia (Bizkaia), Susana Corcuera (Gipuzkoa) eta Natalia Rojo (Araba).

Sozialistek berrikuntza handiak egin dituzte, eta hainbat sozialista historiko ez dira Legebiltzarrean egongo: Patxi lopez, Rodolfo Ares, Iñaki Arriola, Isabel Celaa eta Blanca Roncal, esaterako.

PPk ere hiru zerrendaburuak aldatu ditu. Alfonso Alonso (Araba), Anton Damborenea (Bizkaia) eta Borja Semper (Gipuzkoa) izango dira oraingoan popularren hautagaiak. Duela lau urte, Iñaki Oyarzabal, Antonio Basagoiti eta Arantza Quiroga izan ziren.

Elkarrekin Podemosen kasuan, Pili Zabala (Gipuzkoa), Lander Martinez (Bizkaia) eta Cristina Makazaga (Araba) izango dira zerrendetako buruak.

Koalizio honetan, Ezker Anitzak legebiltzarkide izateko aukera handiak dituzten bi hautagai izango ditu (Iñigo Martinez eta Jon Hernandez), eta Equok, bat (Jose Ramon Becerra).

Legebiltzarrean ordezkaritzarik ez duten alderdiei dagokienez, Recortes Cero eta PACMA ere izango dira hauteskundeetarako lehian, eta horren ezagunak ez diren beste batzuek ere aurkeztuko dituzte hautagaiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea UPyD EAE albisteak EAEko hauteskundeak EH Bildu Bizkaia PSE-EE Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Podemos Ahal Dugu Euskadi