Hauteskunde Orokorrak -

Senatua

Aldaketa, Nafarroako Gobernuko alderdien hautagaitza bateratua

Ana Lujan, Patxi Zamora eta Iñaki Bernal dira Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek adostutako zerrendako hautagaiak.

Iñaki Bernal, Ana Lujan eta Patxi Zamora. Argazkia: EFE
Iñaki Bernal, Ana Lujan eta Patxi Zamora. Argazkia: EFE
Iñaki Bernal, Ana Lujan eta Patxi Zamora. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuko lau alderdiek Senaturako adostu duten hautagaitza bateratuaren aurkezpen ofiziala egin dute. Hautagaitzaren izena Aldaketa izango da eta Ana Lujan (Geroa Bai), Patxi Zamora (EH Bildu) eta Iñaki Bernal (Izquierda-Ezkerra) izango dira hautagaiak.

Aldaketaren asmoa Madrilera “Nafarroaren aniztasuna” eramatea izango da.

Ana Lujan hautagaiak esan du Nafarroako gizartea “anitza eta plurala” eta, beraz, aniztasun hori defendatuko dutela Senatuan. “Nafarroan eman den aldaketa Senatura iritsi behar da”, azpimarratu du.

Arratsaldean egindako ekitaldi politikoan, Alderdi Popularra eta UPN kritikatu ditu, “urte luzez beldurraren diskurtsoa erabili dutelako”. “Konfrontazioa eta beldurra zabaldu dituzte, Nafarroaren aniztasuna ezkutatzeko”, erantsi du.

Patxi Zamora Kontuz elkarteko bozeramaile ohiaren iritzian, “Nafarroako herritarrek aldaketa sakona nahi dute eta Aldaketak nafar horien ahotsa Madrilen entzunarazi behar du”.

Zamorak aitortu du lau alderdi ezberdinen artean lan egiten ikasi behar dutela, “beste mota bateko kudeaketa posible dela erakusteko”. “Elkarrekin gehiago eta hobeak gara”, gaineratu du.

“Gelditzeko asmoz etorri gara, demokrazia pobre hau edukiz bete nahi dugu, gure ezberdintasunekin eta kontraesanekin, baina konplexurik gabe; batzen gaituzten gauzak gehiago dira, elkarrengandik urruntzen gaituztenak baino”, nabarmendu du.

Iñaki Bernalek, berriz, lau alderdien arteko hautagaitzarekin “asmatu” dutela adierazi du. “Hautagaitza bateratuak aukera ematen dugu aurrerapauso bat eman eta UPNri eta PPri instituzioetatik kanporatuko ditugula esateko”, azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Bizkaia Izquierda-Ezkerra alderdia