Hauteskunde Orokorrak -

Berdintasuna

Unidos Podemos eta PSOE, Kongresuan emakume gehien dituzten taldeak

Kongresuko diputatu guztien % 39,4 izango dira emakumeak, berdintasunetik urrun.

Nagua Alba Elkarrekin Ahal Duguren Gipuzkoako zerrendaburua. EiTB
Nagua Alba Elkarrekin Ahal Duguren Gipuzkoako zerrendaburua. EiTB
Nagua Alba Elkarrekin Ahal Duguren Gipuzkoako zerrendaburua. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandeko hauteskunde orokorren ostean eratuko den Kongresuan 138 emakume arituko dira, eta 212 gizonezko, hau da, emakumeak diputatu guztien % 39,4 izango dira, abenduko bozen ostean bezala.

Talde guztien artean, Unidos Podemosek eta PSOEk baino ez dute gainditu % 40ko muga, eta alderdi sozialista da emakumezko zerrendaburu gehien aurkeztu zituena (erdiak).

Hain zuzen ere, emakume diputatu gehien izango dituen indarra Unidos Podemos da, 71 ordezkaritik 34 izango baitira emakumezkoak (% 47,8). Ondoren, PSOE dago (% 42,3). Nolanahi ere, bi kasuetan portzentajeak jaitsi egin dira abenduko emaitzekin alderatuta, orduan Unidos Podemosek % 49,237 izan baitzituen, eta PSOEk, % 44,4.

Lau alderdi nagusien artean, Ciudadanos izan da berriz emakume gutxien dituena (% 21,8).

PPren kasuan, % 39,4koa da portzentajea, abendutik hiru puntu handituta.

Talde txikienei begira, ERCk % 33 ditu (hiru emakume eta sei gizon), eta CDCk % 25 (bi emakume eta sei gizon).

EAJk galdu egin du abenduan zuen emakumezko bakarra, eta, orain, bost diputatu jeltzaleak gizonak izango dira.

UPNk, Nueva Canariasek eta Foro Asturiasek ere ez dute emakumerik izango, euren diputatu bakarrak gizonak baitira.

EH Bilduk gizon bat eta emakume bat izango ditu, eta Coalicion Canariasen diputatu bakarra emakumea izango da.

Igandekoak laugarren hauteskunde orokorrak izan dira 2007tik Berdintasun Legea indarrean sartu zenetik. Horren arabera, gutxienez zerrendetako hautagaien % 40 emakumeak izan behar dira. Hori bai, legeak ez du behartzen gizonak eta emakumeak txandakatzera, eta, igandeko bozetan, Unidos Podemosek eta PSOEk baino ez zituzten horrela diseinatu euren zerrendak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Berriak Politika Hauteskunde orokorrak Espainian Gaurko azken orduko albistea