AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Dokumentazioa

Bost estatuk izango dute Etxe Zuriko giltza

Nevada, Iowa, Ohio, Ipar Carolina eta Florida hauteskunde-kanpainako azken txanparen protagonistak dira.

Donald Trump eta Hillary Clinton Etxe Zurirako hautagaiak. Argazkia: EFE
Donald Trump eta Hillary Clinton Etxe Zurirako hautagaiak. Argazkia: EFE
Donald Trump eta Hillary Clinton Etxe Zurirako hautagaiak. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nahiz eta 50 estatu izan, gutxi batzuk egingo dute aldea Ameriketako Estatu Batuetako presidenterako hauteskundeetan, eta aurten bozetarako egun gutxi falta direnean, arreta estatu “giltzarriek” bereganatu dute.

Hala, Nevada, Iowa, Ohio, Ipar Carolina eta Florida hauteskunde-kanpainako azken txanparen protagonistak dira. Azken egunetan Donald Trump errepublikanoa eta Hillary Clinton demokrata ahalegin berezia egiten ari dira lurralde horietan.

Nevada

Bere idortasunagatik ezaguna, baina baita kasinoengatik ere, Nevadan lehia estua dute bi presidentegaiek. Bertan Senatuko eserleku bat ere jokoan dago. Horrek gehiengoa alda dezake Kongresuan.

“1912az geroztik, irabazle atera den hautagaiaren alde bozkatu du Nevadak, 1976an salbu. Ronald Reaganen eta George H. W. Bushen aldeko botoa eman zuen; eta ondoren Bill Clinton babestu zuen birritan”, azaldu du Eric Herzik Nevadako Unibertsitateko Politika Zientzietako katedraduna, Renon.

Iowa

Nahiz eta denbora tarte batean Clintonek galdutzat eman, Iowa lehiarako gotorleku bilakatu da azken asteetan. Horrela, bi presidentegaiek Colorado bazterrean utzi dute, eta nekazal estatu txikian ahalegin berezia egiten ari dira.

Sei boto baino ez ditu ematen, baina AEBetako demokraziaren gotorlekua da. Hala, Obama presidenteak garaipena lortu zuen bi legealdietan, nahiz eta demografikoki traza kontserbadoreko estatua izan.

Ipar Carolina

Ipar Carolina beste toki paradigmatiko bat da hauteskundeetan. “Funtsean, 50-50 dagoen estatu bat da, eta baliteke une honetan lehia estuena duen lurraldea izatea”, azaldu du Steven Green bertako unibertsitateko aditu politikoak.

Ohio

Bestalde, “Ohio estatu garrantzitsua da presidenterako hauteskundeetan; izan ere, 18 boto banatzen ditu. Azken lau hauteskundeetan, bi hautagaien arteko aldea % 3koa izan zen”, azaldu du Daniel Birdsong Daytoneko (Ohio) Unibertsitateko Politika Zientzia irakasleak.

Historikoki, Ohion garaipena lortu gabe Presidentetza bereganatu duen errepublikanorik ez da izan, eta estatu horretan irabazi gabe Etxe Zurirako txartela lortu zuen azken demokratak 1960an, Birdsongek gogorarazi duenez.

Florida

Azkenik, Floridak 29 boto ematen ditu. Estatuko demografia oso konplexua da, kubatar eta puertorricoar immigrazioarekin, baina erretiroa hartutako eremu zuri zabalekin.

Hala, Floridak presidentea erabakiko duela uste dute aditu askok. Horrela gauzak, bi presidentegaiek ekitaldi ugari egingo dituzte kanpainako azken egunetan, Floridan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Albisteak Donald Trump Hillary Clinton