Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

Hauteskundeak Katalunian

PSOEk Katalunian hirugarren bide bat irekitzearen alde egin du

Pedro Sanchezek, Alfredo Perez Rubalcabak eta Felipe Gonzalezek Hirugarren Bidea izeneko elkartea babestu dute, Katalunia Espainia barruan mantentzeko, “baina autogobernu justu batekin”.

Pedro Sanchez eta Felipe Gonzalez. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Felipe Gonzalez.
Pedro Sanchez eta Felipe Gonzalez. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak esan du ezinbestekoa dela Katalunian hirugarren bide bat irekitzea. “Independentistak ez dira denboraren jabeak, eta, beraz, garaiz gabiltza elkarrekin eseri, hitz egin eta akordioak adosteko”, azpimarratu du.

Madrilen egin ditu adierazpen hauek, Hirugarren Bidea izeneko elkartea aurkezteko ekitaldian. Elkarte horrek ez omen du loturarik PSOErekin, baina Alderdi Sozialistako buruzagi eta presidente ohien babesa jaso du; Pedro Sanchezena, Alfredo Perez Rubalcabarena, Felipe Gonzalezena edo Patxi Lopez lehendakari ohiarena, hain zuzen.

Aipatu gizarte mugimendua goraipatu du Pedro Sanchezek, “politikaren onena aldarrikatzen dituelako, hau da, akordioa, negoziazioa eta elkarrizketa”.

“Mugarik izan ez den tokian ez da mugarik eraiki behar”, esan, eta Artur Mas Generalitateko presidentea gogor kritikatu du: “Arduragabe politiko bat da, katalanak katalanen aurka jartzeagatik, katalanak espainiarren kontra jartzeagatik”.

Kataluniako gatazka politikoa konpontzeko, hirugarren bide bat irekitzea posible dela adierazi du. “Independentistek diote denbora amaitu dela, baina independentistak ez dira denboraren jabeak. Garaiz gabiltza elkarrekin eseri, hitz egin eta akordioak adosteko”, nabarmendu du.

Irailaren 27an independentziaren aldekoek irabaziz gero, “porrota eta zatiketa emozionala” nagusituko direla esan du Sanchezek. “Katalanek bozkatu egin behar dute, eta Masi ezetz esan behar diote”, gaineratu du.

Alfredo Perez Rubalcabak ere antzeko adierazpenak egin ditu. Hirugarren Bidearekin “erabat ados” dagoela esan du, “Espainia hautsi nahi duen independentismoaren eta Rajoyren immobilismoaren artean kokatzen delako”.

“Hirugarren bide horrek Konstituzioaren espiritua berreskuratzea dakar, elkarrizketaren eta adostasunaren alde egitea, hain zuzen ere”, azaldu du.

Rubalcabak ez du nahi Hirugarren Bidea PSOErekin lotzea. “Gaurkoa ez da PSOEren ekitaldi bat. Gaurkoa Kataluniatik Madrilera etorri direnen ekitaldia da. Elkarrizketaren bidez akordio bat adostu eta elkarrekin bizitzen jarraitzeko konponbidea nahi dute”, azpimarratu du.

Patxi Lopez lehendakari ohiak ere ezinbestekotzat jo du elkarrizketaren bideari heltzea, “elkar ulertzeko eta batera bizitzen jarraitzeko”.

Bestalde, Felipe Gonzalezek ez du adierazpenik egin Kataluniako egoera politikoari buruz, baina duela egun batzuk La Vanguardia egunkarian egindako elkarrizketa batean esandakoak argitu nahi izan ditu.

Konstituzioa berrituz gero, Katalunia nazio bezala onartzearen aldekoa izango litzatekeela esan zuen bertan Gonzalezek.

“Sentitzen dut, baina aipu hori ez dago elkarrizketan, nik ez nuen hori esan. Areago, galdera hori ez zidaten egin. Beraz, ezin dut ezer berretsi edo ukatu”, esan du kazetarien aurrean. Alabaina, ez du argitu Katalunia naziotzat onartzearen aldekoa den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Alfredo Pérez Rubalcaba Patxi Lopez albistak Pedro Sánchez argazkiak Albisteak Kataluniako hauteskundeak