Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

Emaitzak

Independentziak gehiengo osoa lortu du eserlekutan, baina ez bototan

Junts Pel Sik eta CUPek aise gainditu dute gehiengo osoaren muga eserlekutan, baina gertu geratu da bototan.

Junts pel Si zerrendako buruak, emaitzak ospatzen. EFE
Junts pel Si zerrendako buruak, emaitzak ospatzen. EFE
Junts pel Si zerrendako buruak, emaitzak ospatzen. EFE

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Independentismoak aise irabazi du Kataluniako hauteskundeetan, Junts pel Si koalizioak eta CUPek gehiengo osoa lortu baitute eserlekutan, baina ez bototan.

Hain zuzen ere, alderdi independentistek 72 eserleku (68 da gehiengo osoa) eta botoen % 47,8 eskuratu dituzte.

Horren ildotik, botoen % 99,43 zenbatuta, Junts Pel Si koalizioak 63 diputatu eskuratu ditu, eta, CUPek, 10. Horrenbestez, CDCk eta ERCk sustatutako zerrendak CUPen babesa izan beharko du prozesuan aurrera jarraitzeko.

Independentismoaren lehen alternatiba Ciutadans da. Bigarren indar bozkatuena izan da (25 eserleku), eta oposizioko burua izango da, lehen aldiz. PSC eta PPC atzean utzi ditu, 16 eta 11 diputatu baitituzte, hurrenez hurren.

Catalunya si que es Pot, Podemosen eta ICVren zerrenda bateratua, laugarren da, 11 eserlekurekin. Erabakitzeko eskubidearen aldekoa da, baina ez du independentzia babesten.

Azkenik, Unio Kataluniako Parlamentutik kanpo geratu da, CiU hautsi ondoren, eta Josep Antoni Duran i Lleida burua dimititzeko prest agertu da.

Eta orain, zer?

Hauteskunde hauetan, independentziaren aldeko mugimenduaren igoera etengabearen gorenera iritsi da, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutua atzera bota zuenetik, 2010eko ekainean. Inkesten arabera, independentziaren aldekoak % 20 ziren sasoi hartan; hauteslekuetan, aldiz, aukera politiko horren aldekoak ia % 48 izan dira, hots, bikoitza baino gehiago.

Nolanahi ere, independentismoak ez du irabazi boto kopuruan, eta datu hori garrantzitsutzat jo dute independentziaren aurkako indarrek, hauteskundeek plebiszitu izaera baitzuten.

Teknikoki, hori bai, Junts pel Sik independentziarako bere bide-orria ezarri ahal izango du, nahiz eta CUPen laguntza beharko duen. Alderdi hori antikapitalista da, eta, aurreikuspen guztien arabera, garesti emango du bere laguntza, independentziarako epeak bizkortzea eskatuko baitu segur aski.

Horren aurrean, Artur Masek berak aldarrikatu du "zilegitasun handia" eskuratu dutela independentzia gauzatzeko. "Eskozian egin zuten erreferendumaren antzeko bat egin ahal izan bagenu, botoak zenbatuko genituzke", azaldu du. "68 eserlekutik gora eskuratzekotan, aurrera egingo genukeela esan genuen; ba 72 ditugu", gaineratu du.

Aipatutako bide-orriak Kataluniako legebiltzarrak adierazpen suberanista bat egitea jasotzen du, baita honako beste hauek ere: Kataluniako konstituzioa idaztea, independentzia aldebakarrekoa behin betiko aldarrikatzea eta "hauteskunde konstituziogile" batzuk egitea 18 hilabete baino arinago, betiere Estatu kataluniar baten barruan egonik ordurako.

Bere aldetik, Espainiako Gobernuak ohartarazi du Masek "porrot" egin duela, baina ez du zehaztu zer-nolako neurri hartuko lituzke balizko independentziaren aurrean.

Hauteskunde kanpainan, Estatuak estamentu guztiak mobilizatu zituen (enpresaburuak, banku handiak, sindikatuak, Eliza?), eta nazioarteko hainbat buruzagi ere bai, hala nola Barack Obama AEBko presidentea eta Nicolas Sarkozy Frantziako estatuburu ohia. Hori bai, ez zuen 'eskoziar eskaintzarik' egin, hau da, ez zion autonomia gehiago eskaini Kataluniari, Eskoziako independentzia erreferendumean britainiar agintariek hori promestu izana giltzarri izan bazen ere.

Parte-hartzea historikoa izan da, % 77,46koa. Aldez aurretik, bitan baino ez dute zenbaki hori gainditu Katalunian: 1982ko hauteskunde orokorretan (% 80,63) eta 2004koetan (% 80,3).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Eguneko albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur