Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

I27

Independentisten garaipena, lerroburu Europako prentsan

'The Guardian' egunkari britainiarrak eta 'Le Monde' frantsesak lehen orrira eraman dituzte irailaren 27ko hauteskundeen emaitzak.

Independentziaren aldekoen garaipena, Europako prentsan

1:05

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalunian atzo izandako hauteskunde autonomiko historikoei aparteko lekua eskaini diete gaur, hitzorduaren biharamunean, Europako egunkari nagusiek. Independentziaren aldeko indarrek lortutako garaipena nabarmendu dute denek.

Atzerriko kazetari andana izan zen atzo Bartzelonan, hauteskunde egunaren nondik norakoak zuzenean jarraitzen. Mundu osoko 80 hedabidek berriemaileak bidali zituzten, eta, beraz, aurreikusi zitekeen hedabideok emaitzei eskainitako tarte zabala.

Frantziako egunkariak izan dira aipamen gehien bildu dituztenak. Le Monde egunkariak argazkia eta lerroburu handia eskaini dio Kataluniari, eta galdera bota du: "Katalunia sezesiorako bidean?". Kronikaz gain, iruzkin eta iritzi artikuluak egin ditu emaitzen inguruan.

Le Figaro eskuindarraren arabera, Kataluniak erronka jarri dio Espainiari, independentziaren bila. Frantziako Tolosako eskualdeko La Depeche egunkariak ere goibururako aukeratu du albistea: "Katalunia, separatisten garaipena" eta independentziaren aldeko bi alderdiek gehiengo osoa eskuratu dutela azpimarratu du.

Belgikako Le Soir-rek lerroburu handia paratu du bere gaurko alean, "Pauso bat independentziarantz", eta editoriala ere gai honi eskaini dio. Egunkari honen arabera, Rajoyren gobernuak negoziatu beharra dauka: "Madrilek ezin du negoziatzeari uko egiten jarraitu".

Erresuma Batuko The Guardian hauteskundeen plebiszitu kutsuari heldu dio gaiaz hitz egiteko: "Separatistek irabazi dituzte hauteskundeak eta independentziari 'bai' esan diote".

Eskoziako egunkarien azaletan, aparteko garrantzia dute Kataluniako hauteskundeek. The Scotsman egunkariak inkestei eman die lerroburua, emaitzen zain "independentziaren aldeko alderdien garaipena" aurreikusten zutelako. The Nacional-ek harago jo eta lerroburu hau aukeratu du: "Kataluniak baietz esan du". Egunkariaren lehen bi orrialdeak ere eskaini dizkio gai horri.

Alemaniako zentro-ezkerreko Suddeustche egunkariak "separatisten garaipena" azpimarratu du, eta Katalunian independentzia posible ote den aztertu du.  Die Welt kontserbadoreak, bestalde, Antonio Baños CUP alderdiko adierazpenak eraman ditu lerroburura: "Gaur jaio da Kataluniako Errepublika".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako Hauteskundeak gaur