Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

Negoziazioak Katalunian

CUPen proposamena: hiruzpalau presidente eta emakume gehiago

Anna Gabriel alderdi antikapitalistaren bigarrenak nabarmendu duenez, ez dute Mas "politikoki lurperatu nahi".

Gabriel, elastiko beltza soinean duela, I27an CUPek egindako agerraldian. EiTB
Presidentzia korala izatea eskaini du CUPek

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiruzpalau buruzagidun "presidentetza anitza", emakume gehiago izango dituena, eta Artur Mas jarduneko presidentea "politikoki lurperatuko" ez duena. Horratx CUP alderdi ezkerzale eta antikapitalistak irailaren 27ko hauteskundeen ondotik osatu behar den gobernu berrirako proposamena. Iragarpena Anana Gabriel alderdiko bigarrenak egin du gaur, Catalunya Radio irrati katean egin dioten elkarrizketa batean.

"Erakundeak demokratizatzen ari garela eta zeharkakotasuna badagoela" adierazi behar da, Gabrielen hitzetan, eta hori, "indar eta garrantzi bera izango duten hiruzpalau presidenterekin" lortuko litzateke.

"Buruan dugu nor egon daitekeen ezohizko gobernu honen presidentetzan", aitortu du, baina negoziazioetan izenik eman ez dutela azpimarratu du.

Presidentetzarako hautagaien izenak aipatzen direnean, emakumeak aintzat hartzen ez direla kritikatu du Gabrielek: "Zerrendako lehenengo postutik (Junts Pel Siri erreferentzia eginda) hirugarrena pasatzen dira, eta hirugarrenetik, bosgarrenera. Emakumeak alde batera uzten dituzte".

CUPeko buruzagiaren hitzetan, "gaitasun handiko emakumeak daude Katalunian, eta benetan berria den zerbait egiten ari garela adieraziko genuke".

"Ez dugu Mas politikoki lurperatu nahi"

Junts Pel Si zerrenda bateratuarekin egiten ari diren negoziazioetan Mas presidente ez izateko baldintza jarri ote duten galdetuta, ezezko borobila bota du Gabrielek. CUP "presio eta mehatxupean" dagoela ohartarazi du, "gure erruz prozesuak kale egingo duela leporatu digute", esan du. "Adostasunerako borondate guztia dugu, ordea", erantsi du.

Gabrielen hitzetan, "ez dugu inor politikoki lurperatu nahi, ez dugu Masen heriotza politikoa eskatu", argitu du. "Hitz egin dezagun eduki dezakeen paperaz", esan du.

Independentziaren bidaia orria

Negoziazioetan, subiranotasun prozesuan eman beharreko pausoez ere proposamena egingo du CUPek. Espainiako hauteskundeak egin baino lehen, independentziarako bidean "atzera ez egiteko" konpromisoa hartzea galdegingo du, "Estatuaren menpe" ez geratzeko.

Hala, Parlamentuak independentziaren bidea abiatzearen adierazpena onartu beharko luke eta Espainiarekiko "deskonexio politiko eta legala" egiteko proposamenak hartu beharko lituzke, hala nola, Wert Legeari desobeditzea.

"Mezua argia bidali behar dugu, independenteak garela adierazten duena", borobildu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako Hauteskundeak gaur Artur Mas albisteak