Nafarroa -

Nafarroako Parlamentua

UPN: 'EH Bilduk kontrolatuko du benetan Nafarroako Gobernua'

Geroa Baik esan du 'elkargune berri bat eraikitzeko erronka" duela; EH Bilduren arabera, ituna gogoetaren fruitu da; "demokrazia parte-hartzailearenganako interesa berpiztu da", dio Ahal Duguk.

I.G. | M.G. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Nafarroko Foru Erkidegoko Gobernuaren presidentegaiak hasierako hitzaldia egin eta gero, alderdiek hitza hartu dute, ordezkaritza zabalagoa jaso dutenetik hasita, txikienetara.

Hala, Jose Javier Esparza UPNko bozeramailea izan da hitz egiten lehena. Esparzak aurreratu du 'ezetz' bozkatuko duela "Barkosen eta Araizen inbestiduran". Azalpen gehiago eman ditu horren harira: "Nafarroa presidente ofizial bat izango du, eta beste bat itzalean; benetan aginduko duena EH Bildu izango da".

Horrez gain, "Foruzaingoa eta Justizia EH Bilduren esku" utzi izana kritikatu dio Esparzak Barkosi, Maria Jose Beaumont kontseilariaren izendapenaren inguruan.

"Zer zentzu dauka etorkizuneko indarkeria gaitzetsiko duzuela esateak, iraganekoa gaitzesten ez baduzue?", galdegin du Esparzak.

Halaber, Esparzak aitortu egin du UPNren Gobernuak "akatsak" egin zituela, baina Nafarroako langabezia tasa "Estatuko txikiena" dela eta hezkuntza eta osasun sistemak "onenak" direla esan du.

Esparzaren esanetan, "UPN ez dago euskararen aurka", "betiere euskara ezagutzen ez dugunok eskubide eta oportunitate berdinak baditugu".

Geroa Bai

Ondoren, Koldo Martinez Urionabarrenetxeak (Geroa Bai) hitza hartu du, UPNren ondoren, Barkosen hitzaldiari erantzuteko. Martinezek Luther Kingen hitzekin hasi du hitzaldia, ingelesez: "I've a dream".

"Guk ere egin dugu historia -Luther Kingen antzera-, maiatzaren 24ean historia egin genuen, egoerari buelta eman diogu" Nafarroan, esan du Geroa Bairen bozeramaleak.

Martinezek "inposizioa eta samina" gogorarazi ditu; Gerra Zibilean fusilatuak aipatuz hasi da eta Zabalza, Gladys del Estal, ETAk mehatxatuak... izan ditu gogoan.

"Aldaketa bateratzailea nahi dugu, zabala, Nafarroan bukatuko den erregimenak gizartea bera baino eskuindarragoa izan da", gaineratu du.

'Elkargune berri bat eraikitzeko erronka dugu, inor baztertu gabe', erantsi du Martinez Urionabarrenetxeak.

EH Bildu

Martinezen ostean, Adolfo Araiz EH Bildu Nafarroa koalizioko bozeramaleak hitza hartu du. "Mintza gaitezen etorkizunaz, aldaketa baldin bada denon lanari esker izango da", esan du Araizek.

"Horren moduko akordioa lortzea ez da hauteskundeen emaitzen ondorengo beroaldi baten ondorio, baizik eta hausnarketaren fruitu izan da", azaldu du.

Honako hauek dira aldaketaren Gobernuaren ardatzak eta lehentasunak, Araizen arabera: "Aniztasuna; Eskubide sozialak; Justizia soziala; Ekologia eta jasangarritasuna; Gardentasuna eta ustelkeriaren kontrako jazarpena; Bakea, biktimak, gizarteratzea; Herritarren parte-hartzea eta demokratizazioa, eta Madriletik erregimena diseinatzean dutenen inposizio asmoei aurre egin".

Araiz, halaber, Esparzari zuzendu zaio: "Ez duzue autokritikarik egin azken urteotan, euskaldunak, Bildukoak, datozela esaten jarraitzen duzu, nik uste dut merituak egin nahi dituzula zuon barne eztabaidaren harian".

Ahal Dugu

"Aro berri batean gaude, azkenean, bagaude. Azken hamarkadetan UPNeta PSN egin dutena ikusi dugu. Eredu politiko hori amaitu da", horrela hasi du Laura Perez Ahal Dugu Nafarroako idazkari nagusiak.

"Langabeziaren, bazterketaren... aurrean politikaren eta demokrazia parte-hartzailearen gaineko interesa berpiztu da", Perezen arabera. "Ez gara banderetan babesten, gure aberria jendea delako".

Abiadura Handiko Trenari dagokionez, "Ahal Dugu Nafarroak argi baino, argiago dauka: atzerapena, txostenak egin eta hiritarrei galdetu", horiek dira Perezek defendatutako pausoak.

PSN

Maria Chivite PSNren parlamentariak azaldu duenez, "Nafarroaren alde" hartu dute abstenitzeko erabakia, baina "zorrotzak" izango dira gobernu berriarekin.

Hala, Chivitek baztertu egin du "onen eta txarren arteko fronteak edo blokeak sortzea", eta "gure erkidegoaren aniztasuna" aitortzearen alde egin du. Era berean, espero du "identitatea ez egotea Gobernu honen lehentasunen artean".

Inbestidura saioko agerraldian azaldu duenez, "garai berri bat ireki beharra dago Nafarroan", UPNren eredua "agortu baino gehiago" egin delako.

"Galdutako legegintzaldi honen" ostean, "pertsonen bizitza hobetzea helburu duten erabakiak hartzea" eskatu du, nahiz eta "zalantza handiak" agertu Gobernu berriaren inguruan, "kide batzuen adierazpenetan" ikusten ari den "mendeku jarreragatik".

Nafarroako PP

Ana Beltran PPren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak esan du ez diola Barkosi babesik emango "Nafarren gehiengo zabalak ez duelako ezkerreko erradikalek eta euskal nazionalistek gidatutako gobernurik nahi", nahiz eta aitortu "zilegitasuna" duela hauteskunde legea aldatzen ez den bitartean.

Beltranek aurreko hauteskundeetako emaitzak izan du hizpide. Hala, "aukera politiko erradikalak herenak soilik" babestu zituela esan du, eta "gauza bera" gertatu zela "nazionalistekin". Gainera, kanpainan "itunak eta horien ondorioak ezkutatu" zituztela salatu du.

Era berean, "kalean atzematen den zatiketa sozialaz" ohartarazi du, eta "gobernu hori nahi ez duen "nafarren gehiengoak kezka handia" duela.

Ezkerra

Azkenik, Jose Miguel Nuin Ezkerraren bozeramaileak hitz egin du, eta Nafarroako Gobernu berria eta adostutako programa ez direla "frentistak" azpimarratu du.

Lau alderdiko Gobernua ez omen dago "ez Nafarroa espainolizatzeko ez euskalduntzeko", adierazi du Nuinek.

Azpimarratu duenez, programaz ez dago "baztertzen duen ezer adostuta"; horregatik, UPNri galdetu dio ea non dauden "inposizioa eta mendekua".

Gainera, programan ez dela euskararen legea aldatzeko konpromisorik agertzen gogorarazi du, Ezkerrak uste baitu egungo legediarekin "ibilbidea egin daitekeela" oraindik, "inposaketarik gabe, askatasunetik eta borondatetik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPN PSN Albisteak Geroa Bai Uxue Barkos EH Bildu Bizkaia Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak Jose Javier Esparza EH Bildu Izquierda-Ezkerra Nafarroako Gobernua berriak