Udal eta Foru Hauteskundeak -

M24

Rosa Diezek porrota aitortu eta lidergoa utziko duela iragarri du

Jasotako botoak "esperotakoak baino askoz ere gutxiago" direla onartu du, eta gogo txarrez hartu du egindako esfortzua boto-kutxetan islatu ez izana.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rosa Diez UPyD alderdiko presidente eta bozeramaileak iragarri du ez dela alderdia zuzentzeko aurkeztuko hurrengo Kongresuan. Diezek sortu zuen alderdia 2007ko irailean, eta UPyDko diputatua da 2008tik.

Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan lortu dituen emaitza txarren balantzea egiteko eman duen prentsaurrekoan egin du iragarpena Rosa Diezek.

Botoen % 98 zenbatuta, UPyDk 228.019 boto eskuratu ditu gaurko hitzorduan, botoen % 1,04, 2008an lehenengo aldiz hauteskundeetan aurkeztu zenetik lortu duen emaitza txarrena.

Diezek iragarri du, UPyDren kongresuan ez duela bere hautagaitza aurkeztuko alderdia zuzentzen jarraitzeko. Martxoan deitu zuen Diezek aparteko kongresua, Andaluzian ere porrot handia jaso ostean.

"Herritarrek ondo hautatu izana espero dut. Botoak eta emaitzak errespetatzen ditut", adierazi du Diezek, eta gogo txarrez hartu du egindako esfortzua boto-kutxetan islatu ez izana.

UPyDk 129 zinegotzi eskuratu ditu guztira Espainiako Estatuan (152 lortu zituen 2011n), eta ez du ordezkaririk izango Madrilgo Autonomia Erkidegoko Parlamentuan, ezta Madrilgo Udalean ere; 8 diputatu eta 5 zinegotzi zituen orain arte, baina galdu egin ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPyD albisteak