Udal eta Foru Hauteskundeak -

Nafarroa

Ahal Dugu: 'Aldaketaren alde gaude eta egingo dugu, nola edo hala'

Laura Perez Nafarroako Ahal Duguren zerrendaburuak aurreratu duenez, UPN behingoz kentzea da klabea, eta akordioak programaren gainean egingo dituzte. ''Ez da musu-truk izango'', gaineratu du.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos-Ahal Dugu aldaketaren alde dago Nafarroan, "nola edo hala". Hala adierazi du astelehen honetan Laura Perez alderdiko zerrendaburuak Euskadi Irratian eskaini duen elkarrizketa batean. Perezek, baina, argi utzi du akordioak "programaren gainean" egingo dituztela.

"Neurriak proposatuko ditugu eta, beti esan dugun moduan, akordioak programaren gainean izango dira. Erreforma fiskala? hainbat neurri inbestitura bultzatzeko. Mahai gainean jarri behar ditugu neurriak, helburuak? ez baita musu-truk izango", gaineratu du.

Geroa Bairen programa onargarria ote den galdetuta, "izan daiteke", erantzun du Nafarroako Ahal Dugu alderdiko ordezkariak. "Nola eta zenbateraino neurtu egin behar dugu, baina aldaketaren alde gaude, eta nola edo hala egingo dugu". Nafarroako Ahal Dugu alderdiko zerrendaburuak esan du "libre" sentitzen direla nahi dutena egiteko.

Alderdiak 7 eserleku lortu ditu Nafarroako Parlamentuan maiatzaren 24an egin diren foru hauteskundeetan. Laura Perez pozik agertu da lortutako emaitzekin, "oso baliabide gutxi" izan dituztelako. "Nondik gatozen ikusita, oso emaitza onak dira", adierazi du.

"Hemen ez gaude bakarrik hauteskundeak irabazteko, pedagogia politikoa egiteko gaude", azaldu du. "Lanean jarraituko dugu. Asko dugu egiteko Nafarroan", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Hauteskundeak Nafarroan