Udal eta Foru Hauteskundeak -

EUSKADI IRRATIA

Barkos: 'UPN iparra galduta dabil'

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Geroa Baiko presidentegaiak UPNk PSNri egin dion azken eskaintzaz esan du 'penagarria' dela orain arte gobernua zuzentzen egon den alderdia horrela ikustea.

Uxue Barkos, Geroa Baiko presidentegaia. EiTB.
Uxue Barkos, Geroa Baiko presidentegaia. EiTB.
Uxue Barkos: 'Iparra galdu duen UPN bat ikusten ari gara'

00:52

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Gero Baiko presidentegaiak Udal eta Foru Hauteskundeen ondorengo egoera berriaz hitz egin du, goizean, Euskadi Irratian.  Nafarroako gizarteak "aldaketarako oihua" egin duela eta  "oso pozik" agertu da. "Aldaketa egiteko deia egin digu gizarteak, eta aldaketa horretan zeintzuk izango garen beharrezkoak argi geratu da. Orain, lana egitea dagokigu, akordio finko bat lortzeko datozen lau urteotarako", esan du.

Nafarroako Gobernu berria osatzeko UPNk PSNri egin dion azken eskaintzari ez dio aparteko garrantzirik eman Barkosek. Bere hitzetan, "Esparzaren okurrentzia" bat baino ez da.  Igandeko emaitzak jakin ostean, UPN "iparra galduta" dabilela esan du. "Penagarria  da azken urteotan Foru Gobernua zuzendu duen alderdia orain horrela ikustea", zehaztu du. Yolanda Barcina Nafarroako jarduneko presidentearen jarrera ere kritikatu du, "Madrilen gauzak sutan" jartzen ari dela esanez.

Hain zuzen, gobernu berri hori osatzeko negoziazio erronda egiten ari da azken egunotan Barkos. Bileraz bilera, ahalik eta "akordio zabalena" lortzea dela helburua esan du. EH Bildu, Podemos, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Baik lortutako eserleku kopurua batuta (26) aldaketa posible den arren, PSNrekin ere adostasun batera heltzea ez du baztertzen Geroa Baiko buruzagiak. Nafarroako sozialistek azken urteotan marraztu duten bideak ez duela akordioa "errazten", baina PSNk jaso dituen botoei "errespetuz" egingo dutela lana ziurtatu du.

Oinarriak

Akordiorako oinarriei buruz galdetuta, Barkosek esan du "akordio programatikoa" izango dela, hiru ardatz nagusirekin; "arlo sozialean UPNk desegin duena berriro eraiki, ekonomia arloan beharrezko neurriak hartu eta elkarbizitzarako esparrua landu". Azken puntu horri eman dio bereziko garrantzia.

Oraingoz,  gobernua osatzeko erabiliko duten formula ez dute zehaztuta. "Koalizio gobernua izan daiteke, baina badira beste formula batzuk ere. Argi dugun gauza bakarra da kuoten gobernuak ez duela lekurik izango aldaketarako gobernu horretan. Egonkortasuna duen gobernua izango da", ziurtatu du. Barkosen hitzetan, Nafarroak aldaketa nahi badu, ezinbestekoa da "gobernu tinkoa" osatzea,  gobernua modu batera edo bestera osatuta ere.

Etorkizuneko gobernuaren lan-ildo nagusienetakoa, Barkosen arabera, "abertzale eta abertzale ez direnen arteko elkarlana" lortzea izango da, "UPNk bideratu duen apurketa gainditzea".

Euskal Autonomia Erkidegoarekin harremanak "normaltasunera" eramatea eta "estutzea" ere Geroa Baiko buruzagiaren helburuen artean daude, "Nafarroako nortasunari" eutsita.

Arlo ekonomikoari dagokionez, Barkosek adierazi du "UPNren azken egunotako urduritasuna" ikusita, Foru Gobernuearen diru kontuetan "ezustekoak" espero daitezkeela. "Ikusi beharko dugu egoera finantzieroa zein den, zein egoeratan utzi duten Foru Gobernua UPNren azken proiektu estrategikoek", esan du.

EiTB Nafarroan ikusi ahal izateko eta Euskal Herria Irratiaren egoera konpontzeko ahaleginak egingo dituztela ere nabarmendu du.

Legeak gobernua osatzeko azken eguna abuztuaren 24a ezartzen duen arren, Sanferminetarako akordioa lotuta egotea nahiko luke Barkosek.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Geroa Bai Nafarroako albisteak Uxue Barkos