Udal eta Foru Hauteskundeak -

Udalen osaketa

Geroa Baik ez du Iruñeko udal gobernuan zinegotzirik izango

Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak kide bana izango dute EH Bildu buru izango duen gobernuan. Udal programa betetzeko lanetan "lagunduko" duela berretsi du, halere, Geroa Baik.

Joseba Asiron, alkate izendatu zuteneko unean. EFE
Joseba Asiron, alkate izendatu zuteneko unean. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko udal gobernuaren osaketa nolakoa izango den eta karguak nola banatuko dituzten argitu dute aldaketa bideratu duten taldeek. Geroa Baik ohar baten bidez jakinarazi duenez, ez du gobernuan zinegotzirik izango, baina Joseba Asiron buru duen gobernuaren lana eta udal programa betetzen "lagundu" egingo duela berretsi du.

Aranzadi eta Izquierda-Ezkerra taldeek, berriz, kide bana izango dute, Udalak ohar bidez zabaldutakoaren arabera: Edurne Eguino Ezkerrako zinegotziak Gizarte Ongizatea eta Berdintasuna gidatuko du, eta Ana Lizoain Aranzadiko kideak, Partaidetza, Gazteria eta Kirola.

Udal gobernuan ordezkaririk izango ez duen arren, "aldaketa errazteko" konpromisoari eusten diola azpimarratu du Uxue Barkosen koalizioak. Hala, Geroa Baik Gobernu Batzordean parte hartuko du aldaketaren aldeko beste hiru alderdiekin batera, eta adostu zuten programa betetzen jarraitzeko lan egingo duela nabarmendu du.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak asteartean sinatu zuen Gobernuaren karguak banatzeko dekretua. Horren arabera, Patricia Peralesek Zerbitzu Orokorrak gidatuko ditu; Jose Martin Abaurreak, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumena eta Proiektuak eta Hiri Kontserbazioa; Maider Beloki Hezkuntza eta Kultura zinegotzia izango da, eta Aritz Romeok Herritarren Segurtasuna eta Enplegua, Merkataritza eta Turismoa zuzenduko ditu.

EH Bildukoak izango dira hiru alkateordeak: Patricia Perales izango da lehena; Aritz Romeo, bigarrena; eta Jose Martin Abaurrea, hirugarrena.

Ostiralean egingo duten bilkuran onartuko dute Iruñeko udal gobernuaren osaketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Albisteak Geroa Bai EH Bildu Gipuzkoa Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak