cerrar buscador

20:48

Bilboko Aste Nagusia

Aste Nagusia

Ehunka pertsonak egin dute protesta berriro sexu erasoen kontra Bilbon

agentziak | erredakzioa

Konpartsek beste sexu eraso bat salatu dute gaur. Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du txosna gunean emazteari jotzea leporatuta.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Ehunka pertsona bildu dira gaur Bilboko txosna gunean, konpartsek Aste Nagusian salatu duten hirugarren sexu-erasoaren kontra protesta egiteko.

Bilboko Konpartsak taldeak salatu duenez, emakume bati bikotekideak eraso egin zion Areatzan, Bilboko jaietako txosnetan, ostegun gauean. Esan dutenez, txosna batean konpartsero batzuek emandako laguntzari esker, agenteek erasotzailea atxilotu zuen eta biktima ospitalera eraman zuten.

Ohar batean, konpartsek esan dute konpartseroek "mehatxu larriak jaso zituztela" erasotzailearen aldetik. Hori dela eta, nabarmendu dute "guztion ardura dela indarkeria sexista honen aurka egitea, norberarena eta gizarte osoarena".

Hortaz, Bilboko Konpartsak taldeak, jai-eragile bezala, barneratzen du "indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko konpromisoa", eta ez du onartuko, inolaz ere ez, mehatxurik.

Ildo horretan, adierazi dute emakumeek "eskubidea dugula" jaiaz eta gune publikoaz gozatzeko: "Gure gorputzen jabeak gara, baita gure askatasunarena ere, eta irmotasunez erantzungo diogu edozein eraso sexistari", aseguratu dute.

Konpartsek bi mobilizazio egin dituzte: lehena, 18:00etan egin dute, Areatzan, Laboral Kutxaren aurrean. Gero, 22:00etatik su artifizialak hasi arte, txosnak itxita izan dira, eta suen ostean eltze-joaldia egin dute, erasorik gabeko Aste Nagusia aldarrikatzea xede.

Aste honetan dagoeneko veste bi antzeko protesta ekitaldi egin dituzte; izan ere, aurreko asteartean mutil adingabe batek bikotekide ohiari jo ziola salatu zuten, bestea Zazpikaleetan izandako bortxaketa saiakeragatik.

Gainera, gaur Ertzaintzak 18 urteko gizonezko bat atxilotu du neska bati sexu-erasoa egitea egotzita.

 

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Iruzkinak