cerrar buscador

08:52

Bilboko Aste Nagusia

Abuztuaren 20tik 28ra

Marijaiaren doinuek dantzan jarri dute Bilboko Aste Nagusia

EiTB.EUS

Marijaia larunbat arratsaldean heldu da Patxo Telleria eta Gisele Felli Gorritxorekin batera, (pregoilari eta txupineroa, hurrenez hurren) eta Bizkaiko hiriburuko asterik maitatuenari eman dio hasiera

0:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Milaka pertsonak aupatu dute gaur arratsaldean Marijaia, Bilboko Aste Nagusia irudikatzen duen panpina irribarretsua, Arriaga antzokiko balkoira atera denean jaien hasierari ematen dioten txupina bota  eta gero.

Puntualtasunez, 19:00etan, eta eguraldi ona lagun, jendez lepo zeuden Arriaga plaza eta inguruak izan dira beste behin ere jaiei hasiera emateko aukeratutako agertokiak.

Txupinaren jaurtiketaren aurretik baina, Patxo Telleria pregoilariaren txanda izan da, eta hain ezaguna den traje hori ikusgarria soinean zuela euskara eta gaztelania uztartu dituen pregoi elebiduna irakurri du bertsotan.

Pregoilariak jendearen txaloak jaso ditu bertso bakoitzean, eta horietan protagonismo berezia eskaini dio sexu-erasoak ekiditeko Udalak, konpartsek, saltokiek eta ostalariek martxan jarritako "Ez beti da ez" kanpainari.

Behin pregoia bukatuta, Komantxe konpartsako Giséle Felli Gorritxori egokitu zaio txupina jaurtitzea, eta jarraian Mariajai azaldu balkoian jaia eztandaraziz.

Gaur hasi eta datorren asteko igandera bitartean, era guztietako jarduerak aurkitu ahal izango dituzte bilbotarrek eta Bilbora bertarazten direnek. Dena dago prest, gauez zein egunez, jaiaz gozatzeko: Bilboko jaietako egitarau ofiziala, Bilboko Konpartsak kolektiboaren egitaraua, 2016ko Aste Nagusiko kontzertuak, Bilboko su artifizialak? egunez eta gauez, ehunka gauza daude Bilbon ikusi eta egiteko, eta parte hartzeko.

Turista asko

Turista asko dabiltza egunotan Bilbotik; trivago.es webguneak zabaldu duenez, Bilboko hotelak % 88an daude. Juan Mari Aburto alkatearen esanetan, Aste Nagusia da "ondo pasatzeko, elkarrekin bizitzeko eta pertsona guztiek sentitzeko harrera beroa egin zaiela". Bilboko barraken inaugurazio-ekitaldian egin zituen adierazpenok Aburtok; ohi bezala, Etxebarria parkean daude, eta zirkua ere bertan dago.

Artista eta talde ugari izango dira Bilbon ondorengo egunotan, hala nola Ken Zazpi, Carlos Baute, Ainhoa Arteta, Edurne, Paula Rojo edo Mago de Oz. Beti bezala, hainbat puntutan izango da musika protagonista, eta gauza bera esan daiteke su artifizialez; nabarmentzekoa da araua aldatu dela, eta bertan behera utziko dituztela suak haizea 36 km/h-ko abiaduraren mugatik gorakoa bada.

Txikienek, eta gurasoek, Bilboko beste toki bat ere izango dute jomugan: txikigunea. Doña Casilda parkean kokatuko da berriro (ahateen parkean), eta aurten, gainera, instalazio handiak eta ordutegi zabalagoa ditu (11:00etatik 14:30era, eta 16:30etik 20:00etara). Baly balea ere igaroko da hortik gertu, igande arratsaldeko desfilearen hasieran; titulua estreinatuko du Balyk, Ohorezko Hiritarra 2016 saridunetakoa baita.

Marijaia prest dago, bai eta Bilbo ere. Jendez lepo egongo da Aste Nagusia.

Iruzkinak