Itxi

Herriak eta Hiriak

San Prudentzio eguna

Milaka arabar bildu dira Armentian, San Prudentzioren jaiarekin bat egiteko

Agentziak | Erredakzioa

Aurtengo erromeria hotza izan da, baina ez du euririk egin; hortaz, Arabako patroiak ezin izan du bere izengoitiaren ('santu pixati') erakustaldirik egin.

1:29

Milaka arabar eta gasteiztar tradizioa bete dute gaur eta Armentiako zelaietan bildu dira gaur, Arabako patroiaren eguna ospatzeko.

Gasteizko auzo eta kale desberdinetatik eta inguruko herrietatik Armentiako zelaietara abiatutako erromesaldia etengabea izan da goizeko lehen orduetatik.

Aurtengo erromeria hotza izan da, baina ez du hotzik egin; hortaz, Arabako patroiak ezin izan du bere izengoitiaren ('santu pixati') erakustaldirik egin.

Ekitaldirik nagusiena Armentiako basilikan egin da; izan ere, arabarren patroia bertan bizi izan zen hamabost urte bete zituen arte.

San Prudentzioren hondarrak eliza horretan daude gordeta, eta bertan izan da meza ematen Juan Carlos Elizalde Gasteizko elizbarrutiko gotzaina.

Mezan izan dira, besteak beste, Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia; Pedro Elosegui, Arabako Batzar Nagusietako presidentea; Javier de Andres, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria; eta Estefania Beltran de Heredia, Beatriz Artolazabal eta Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako sailburuak.

Ohorezko aurreskua dantzatu ostean, agintariek hamaiketako bat partekatu dute Armentiako administrazio-batzarrean. Ondoren, Artium Museora joan dira Juanjo Mena orkestra zuzendariari Arabako domina ematera.

Ekintza ofizial horiek guztiak egiten ziren bitartean, gasteiztarrek eta bisitariek dantza eta herri-kirol ikuskizunak izan dituzte gozatzeko moduan, eta baita produktu tipikoak salgai jarri dituzten hainbat saltokitan zer jan erosteko aukera ere.