Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilbo

Bilboko Udalak % 2 igoko ditu tasak eta zergak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gainera, hutsik dauden etxebizitzei % 25 igoko die ondasun higiezinen gaineko zerga.

  • Bilboko udaletxea. EiTB

    Bilboko udaletxea. EiTB

Bilboko Udalak % 2 igoko ditu udal tasak eta zergak 2018an. Gainera, hutsik dauden etxebizitzei % 25 igoko die ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ).

% 2ko igoera horrekin, Udalak 3 milioi euro bilduko ditu. Horietatik, bi milioi Aurrekontu parte-hartzailera bideratuko dituzte, eta beste milioia, aldiz, auzoetan hobekuntzak egiteko erabiliko dute.

Neurri horretatik kanpo geratu dira Ondasun Higiezinen Zerga egoiliarrentzat (ordainagirien % 87,5) eta Bilbobuseko txartel sozialak, adibidez txartel hobariduna (Bilbotrans) eta Hirukotrans (familia ugarientzat).

OHZri dagokionez, % 2 aplikatuko da industriako eta merkataritzako erabileretan eta gainontzeko erabileretan (bulegoak...).

Ibilgailuen gaineko zergan, tarifa guztietan % 2ko eguneratze lineala egin da eta zergaren progresibitateari eutsi zaio, ibilgailuen potentzia fiskalaren arabera.

Gainbalioaren zergari dagokionez, ez da sartu Ordenantza Fiskal hau aldatzeko proposamenik, Bizkaiko Foru Aldundia idazten ari den foru arau berriaren zain, Lurralde Historikoko udalerri guztiek modu koordinatuan jardun dezaten.

Bilbao Kirolak, Azkuna Zentroa eta Bilbao Musika: Hiru horiek ere ez dira 2018ko Ordenantza Fiskalak aldatzeko proposamenean sartu. Izan ere, prezio publikotzat joko dira, zerga-izaerarik ez dutelako eta Udalak kudeatzen ez dituelako, bakoitzaren erakundeak baizik. Madrilen eta Zaragozan –hauek ziren, Bilborekin batera, tasa-izaerari eusten zioten Estatuko udalerri bakarrak– “prezio publikoaren” irizpide hori onartu zen.

Berritasun gisa, Bilboko Udalaren proposamenak % 25eko errekargua aplikatzeko aukera gehitu du bizilagunik gabe eta “hutsik” dauden etxebizitzetarako, alokairua sustatzeko eta etxebizitza horiek merkatura ateratzeko asmoz.