Itxi

Herriak eta Hiriak

San Fermin 2017

Gaurtik aurrera erabaki daiteke nork botako duen sanferminetako txupinazoa

Agentziak | Erredakzioa

Lau hautagai proposatu dituzte: Andrea-Lunes Lilas, Bilgune Feminista, DYA eta Iruñea Harrera Hiria elkarteak. Ekainaren 22ra arte egongo da botoa emateko aukera.

  • Iaz Jesús Ilundain Zaragüeta 'Tuli'k jaurti zuen sanferminetako txupinazoa. Artxiboko argazkia: EiTB

    Iaz Jesús Ilundain Zaragüeta 'Tuli'k jaurti zuen sanferminetako txupinazoa. Artxiboko argazkia: EiTB

Iruñeko herritarrek astelehen honetatik aurrera erabaki dezakete nork izango duen 2017ko sanferminetako txupina jaurtitzeko ardura. Herritarrek ekainaren 22ra arte izango dute botoa emateko aukera.

Sanferminetako Mahai Orokorreko elkarteek lau hautagai proposatu dituzte aurtengo sanferminetako txupinazoa jaurtitzeko: Andrea-Lunes Lilas, Bilgune Feminista, DYA eta Iruñea Harrera Hiria elkarteak.

Hala, ekainaren 5etik 22ra bitartean izango dute iruindarrek botoa emateko aukera Erabaki Pamplona webgunearen, 010 telefono zenbakiaren eta Civivox sarearen bidez. Halaber, bi hautagairen artean berdinketa egonez gero, irabazleek elkarrekin jaurtiko dute txupinazoa.

Udalak gogora ekarri duenez, bigarren aldiz aukeratuko dute bozketa bidez sanferminetako txupinazoa jaurtitzeko pertsona edo elkartea.

Iaz 9.830 herritarrek hartu zuten parte aurkeztutako sei hautagaietako bati botoa emateko. Bozketan parte hartu zutenen % 40,3k Tuli iruindarraren hautagaitza babestu zuten. Hori dela eta, "Bronce" peñako 1. bazkide eta entzierroa hasi aurretik San Fermini abesteko ohitura hasi zuenak 2016ko txupinazoa jaurtitzeko aukera izan zuen.

Andrea-Lunes Lilas elkarteak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egiten du urte osoan, jaietan ere bai, eta kutsu sexista duten ekimenak kentzeko proposamenak egin ohi dituzte.

Bilgune Feminista 2002an sortu zuten, eta aldaketa politikoetan eta sozialetan feminismoak garrantzia handia izan behar duela aldarrikatzen du.

DYA boluntarioek osatzen dute, eta errepideetan, itsasoan eta mendian egon ohi diren istripuetako biktimak artatzea du helburu. Nafarroako lehen anbulantzia medikalizatua harena izan zen.

Iruñea Harrera Hiria proiektu internazionalista bat da, errefuxiatuak artatzeko eta gizartean sentsibilizazio kanpainak egiteko helburu duena.