Itxi

Herriak eta Hiriak

Lapurretak

Bi lapurreta saiakera salatu dituzte Iruñean, arrautzaren metodoa erabilita

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Parean doan beste ibilgailu batetik arrautza bat jaurtitzen dute autoaren aurreko kristalera, gidariaren ikusmena eragozteko eta gelditzera behartzeko.

Nafarroako Foruzaingoak ohartarazi duenez, bi lapurreta saiakera izan dira goizaldean PA-30 Iruñeko ingurabidean. Antza denez, arrautzak autoaren aurreko kristalera jaurtita gidaria geldiarazten ahalegintzen dira.

Foruzaingoak ohar batean azaldu duenez, bi gidarik 112 larrialdi zerbitzuaren aurrean egindako salaketaren arabera, parean zegoen beste ibilgailu batetik arrautza bat jaurti zieten, ikusmena eragozteko eta gelditzera behartzeko.

PA-30 ingurabidean gertatu ziren lapurreta saiakerak Berriozarko eta Artikako biribilguneen artean. Antza denez, gaizkileen asmoa gidariak bazterbidean geldiaraztea da, geldiunea baliatuta lapurreta egiteko.

Bi kasuetan, goizaldean eta autoan bakarrik zihoan emakumeak ziren biktimak. Antzerako egoeraren bat biziz gero, Foruzaingoari deitzeko eta egileak eta ibilgailuak identifikatu ahal izateko beharrezko informazioa emateko aholkatzen du Foruzaingoak.

Horrez gain, autoaren aurreko kristala garbitzeko gailuari ez emateko eta, gelditu behar izatekotan, jendea bizi den toki seguru eta argitsuetan egitea gomendatzen dute.