Itxi

Herriak eta Hiriak

San Fermin 2017

3.500 agentek parte hartuko dute sanferminetako segurtasun dispositiboan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Balizko eraso jihadista baten hipotesia zabaldu dela eta, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute erakundeetatik.

1:29

Aurtengo San Fermin jaietan 3.500 agente arituko dira zaintza lanetan, tartean, udaltzainak, foruzainak, Espainiako poliziak eta guardia zibilak. Halaber, AlertCops izeneko aplikazioaren bertsio pertsonalizatua prestatu dute sanferminetarako.

Gaur goizean Segurtasun Batzordeak bilera egin du eta batzarraren amaieran Carmen Alba Espainiako Gobernua Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak eta Aritz Romeo Segurtasun zinegotziak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute. Balizko eraso jihadista baten inguruko hipotesia zabaldu bada ere, biek ala biek nabarmendu dute ez dagoela inolako arrazoirik ezta seinalerik ere erasoren bat egongo dela pentsatzeko.

Hala ere, zenbait zerbitzu indartuko dituzte. Esate baterako, errepide nagusietan, Iruñeko sarreratan eta jende asko dabilen festa guneetan kontrolak egingo dituzte. Gainera, ibilgailuen trafikoa mugatuko dute Iruñea erdigunean, jardinerak ipiniko dituzte zenbait kaletan, kalitate altuko segurtasun kamera gehiago jarriko dituzte eta kalez jantzitako agenteek zaintza lanak egingo dituzte jendetsuak diren ekitaldietan.

Baliabide materialei dagokienez, helikopteroak ere prest izango dira. Bestalde, giza baliabideei lotuta, genero indarkeriaren biktimei arreta pertsonalizatua ematen adituak diren pertsonak egongo dira, baita delituak saihesteko patruilak eta zezenketan ordena bermatuko duten pertsonak ere.