Itxi

Herriak eta Hiriak

Igandera arte

Baiona, bestetarako prest

eitb.eus

Lapurdiko hiriburuan dena prest dago jaiei hasiera emateko. Igandera arte, jendetza hartuko du hiriak, Leon Erregea 30 urte bete dituen pertsonaiak gidatuta.

Gaur, hilak 26, aurten 30 urte betetzen dituen Leon Erregea udaletxeko balkoira irtengo da gaueko hamarretan, eta jai giroa zabalduko da Baionan. Goizean goizetik, nolanahi ere, egitarau bete-betea dago antolatuta.

Ohi bezala, bestazaleen lasterketarekin hasiko da eguna: Biarritzetik irten, eta Baionaraino helduko dira korrikalariak; iaz 8.000 lagunek hartu zuten parte. Jarraian, indarberritzeko, piper tortillen lehiaketa egingo dute Baionako merkatuaren aurrean.

Besten irekiera ekitaldia 22:00etan izango da. Herriko etxeko plaza jendez mukuru dela, Gurutze Gorriko, Or Konpongo eta Nautikako ordezkariek, aurten aukeratutako elkarteetako kideek, hiriko hiru giltzak botako dituzte balkoitik behera. Iaz bezala (irekiera ekitaldia bertan behera gelditu zen), aurten ere ez da agur bertsorik egongo ekitaldi horretan, eta Gorka Roblesek “Agur jaunak” abestuko du. Horren ondoren, Leon Erregea balkoira irten, eta festa hasiko da.

Ekitaldia eitb.eus-en eta ETB1en ikusi ahalko da, zuzenean, 21:30etik aurrera.

Osteguna, haurren eguna

Goizean, haurren danborrada eta entzierro txikia izango dira, eta, gero, eguerdian, baionarrak udaletxeko plazara bertaratuko dira, Leon Erregea kantuz iratzartzera.

Eguerdian, Poterne plazan, harresietan, herri bazkari jendetsua egingo dute. Piknik erraldoian, alkateak aurreratu duenez, segurtasuna zorrotz zainduko dute: erabat itxita egongo da, eta sarrera-irteerak kontu handiz zainduko dituzte.

16:30ean, Karrikaldi egongo da, 23:00ak arte, euskal dantza eta musikaren plaza, eta 17:30ean espartinak botatzeko lehiaketa. Gainera, egunero bezala, txarangek, gaiteroek eta kontzertuak bazterrak alaituko dituzte.

Ostirala, elkarteen eguna

Goizean, hamaika aukera egongo dira nagiak ateratzeko, hala nola diana, yoga saioak, erraldoien desfilea edo Leon Erregearen iratzartzea… Eguerdian, erretirodunek herri bazkaria egingo dute, gainera, eta Karrikaldik eta musika saioek ez dute huts egingo, noski.

Larunbata, ohituren eguna

Tradizioen egunean, koruen erakustaldiak eta zazpi probintzietako errugbi txapelketa egongo dira goizean, ohiko musika saioez gain. Eguerdian, gainera, Iruñeko Joteroak egongo dira, eta arratsaldean, arraunlariak, zezenketak eta korsoen erakusketa. Aurten, zortzi korsok hartuko dute parte desfilean, gauean.

Igandea, Iruñearen eguna

Iruñea anaitutako hiriko ordezkaritza bertan dela, goizeroko animazioak, meza eta desfilea izango dira eguneko lehen hitzorduak. Arratsaldean, txarangak, Karrikaldi eta kontzertu gehiago egongo dira, eta, 22:00etatik aurrera, korsoak berriz irtengo dira.

24:00etan, jaien itxiera ekitaldia izango da: zapiak altxatuta, datorren urterako zita egingo dute baionar jaizaleek.

Segurtasun neurri handiak

Peñek ere girotuko dute hiria bost egunean, eta, Patxondo gunean, egitarau alternatiboa egongo da eskura, hamargarren urtez: DJak, Angry Turtle Blues, Get Dead…

Aurten ere, segurtasun neurri handiak izango dira, eta eraso sexistei erantzuteko protokolo bat ezarri dute, Iruñeko sanferminetan egindako lana eredu hartuta.

tuta.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Baiona
  • Jaiak