Itxi

Herriak eta Hiriak

66 milioiko aurrekontua

Zorrotzaurreko urbanizazio proiektuaren diseinua itxi du Bilbok

Agentziak | Erredakzioa

Zaha Hadid arkitekto anglo-irakiar ospetsuak diseinatu du urbanizazio proiektua, eta urarekiko harremana izango du alderik nabarmenena.

  • Zorrotzaurreko proiektua. Artxiboko irudia: EiTB

    Zorrotzaurreko proiektua. Artxiboko irudia: EiTB

Bilboko Gobernu Batzordeak behin betiko onetsi du asteazken honetan 1. Exekuzio Unitateko Urbanizazio Proiektua, Zorrotzaurreko Eremu Mistoko 1 zenbakidun Jarduera Integratuaren barruan. Gauzak horrela, Bizkaiko hiriburua "eraldatzeko proiektu estrategikorik garrantzitsuena" burutzeko diseinua behin betiko onetsi da, Bilboko Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Zorrotzaurre hirigintza-arloan berroneratzeko proiektuari esker, industrialde zahar hori Ibaizabal ibaian zehar Bilbora sartzeko atari bihurtuko da. Proiektu integral eta jasangarri horrek ia 838.781 metro karratuko azalera hartuko du, eta Zaha Hadid arkitekto anglo-irakiar ospetsuak diseinatutako Master Planean oinarritzen da. Hala, hainbat espazio elkartuko ditu eremu horretan: hala nola etxebizitza irisgarriak, enpresak eta ekonomia garatzeko eremuak, gizarte- nahiz kultura-arloko ekipamenduak eta auzokoen aisiarako guneak, Udalak nabarmendu duenez.

Urbanizazio-proiektuak haren diseinuari jarraituko dio, eta urarekiko harremana da bere alderdirik nabarmena. Oso ezaugarri desberdinak proiektatu dira itsasadarraren alde bakoitzean. Batetik, eskuinaldeak zirgaren bidea gogoraraziko du, eta portuko langileen memoria gordeko du, kaiak, garabien bideak, mutiloiak eta abar mantenduko baititu. Beste alde batetik, uhartearen bazterrean parke bat jarriko da, ura elementu nagusi izango duena: uhartean sartu, eta pasealekuak eta egoteko eremuak nahasiko dira.

Zorrotzaurre, batik bat, oinezkoentzako eta txirrindularientzako eremua izango da, batez ere, ur-bazterretan. Erriberako pasealekuetan oinezkoek eta txirrindulariek batera ibiliko dira, eta bidegorri bat jarriko da Frank Gehry zubia eta San Inaziokoa lotzeko erdiko etorbidean zehar. Bilbobusek nahiz tranbiak bide horretatik igaroko dira, garraio publikoko sistema ona bermatu eta uhartea hiriarekin lotzeko asmoz, Udalak azaldu duenez.

MAM-eko argazkia: zorrozaurre_

Hiru gune

1 zenbakidun unitateak 389.654 metro karratuko azalera du orotara, eta hiru eremutan banatzen da: Deustuko Kanalaren eskuinaldea (San Inaziotik Botikazarreraino hedatzen dena), Hegoaldeko Muturra (Artiachen fabrika zaharreraino zabaltzen dena) eta Iparraldeko Muturra (ibilgailuen udal-gordailuaren eta Zorrotzaurreko amaieraren arteko eremua).

San Inazio aldeari dagokionez, proiektuaren muga kanalaren eremurantz zabaltzen den Zarandoa etorbidearekin paraleloan dago, eta 20 metroko zabalera edukiko duen pasealekua sortuko du bertan, bi mailatan: bata kaiaren gaur egungo kotan egongo da, eta paseatzeko eta bertan geratzeko pentsatuta egongo da, uretarantz doazen espazioekin, portuaren iragana gogora ekartzeko; bestea, 1,5 metro gorago kokatuko da, eta bertan egoteko diseinatuko da, zuhaitz eta guzti.

Deustu aldean, berriz, trafikoa berrantolatuko da Enekuriko tunelen eta Euskaldunako biribilgunearen artean. Horretarako, Olaeta Balletak kalea luzatuko da, auzoa hiriarekin lotzeko. Bestalde, Morgan kalean trafikoarentzat noranzko bakarra ezarriko da, tuneletarantz.

Deustuko Erribera

Deustuko Erriberari dagokionez, hauxe izango da alderdirik garrantzitsuena: bertako etxebizitzen ingurunea oinezkoentzako eremu bihurtuko da, Bilboko Zazpikaleetan bezala, eta Deustuko Erribera kalea oinezkoentzako pasealeku bilakatuko da Artiachen fabrika zaharreraino.

Gainera, 1 zenbakidun exekuzio-unitatetik kanpo egon arren, Erriberaren eremuko hiri-azpiegiturak berritu eta osatuko dira, Zorrotzaurreko Erriberako egungo azken etxebizitza-eraikineraino. Bide-sarearen funtzionamenduak aukera emango du Frank Gehry zubitik berehala ateratzeko eta sartzeko.