Itxi

Herriak eta Hiriak

Abuztuaren 12tik 19ra

Donostiako auzoek garrantzi handia izango dute aurtengo Aste Nagusian

Agentziak | Erredakzioa

Aurtengo Aste Nagusiko berrikuntzen artean, gauez egingo den lasterketa bat edota entzumen-urritasuna duten pertsonei zuzendutako zinema-emanaldiak daude.

  • Kanioikada (2016). Argazkia: EiTB

    Kanioikada (2016). Argazkia: EiTB

Ostiral honetan 2017ko Aste Nagusiaren egitaraua aurkeztu dute Donostian. Guztira, 460 jarduera antolatu dituzte, eta 28 kokapenetan banatuko dira. Abuztuaren 12an emango diete hasiera jaiei, eta La Oreja de Van Gogh taldea izango da Sagueseko agertokira igotzen lehena. Halaber, Italiatik, Txinatik edota Valentziatik etorritako pirotekniek hartuko dute parte su artifizialen nazioarteko lehiaketan.

Eneko Goia Donostiako alkatea eta Alfonso Gurpegui Donostiako Udaleko Festak Jardueretako zinegotzia izan dira aurkezpen ekitaldian. Aurten berrikuntza ugari egongo dira, eta “inoiz baino egitarau zabalagoa” prestatu dutela nabarmendu dute. Era berean, auzoek garrantzi handia izango dutela azaldu dute.

Amara auzoan eman duten prentsaurrekoan, jaiei hasiera emango dion ekitaldi nagusiaren berri eman dute. Era berean, azken egunean Aste Nagusiari agur esateko jarduera bereziak prestatu dituztela jakinarazi dute, eta Kontxako badian ohikoa den su artifizialen nazioarteko txapelketaren gako nagusiak azaldu dituzte.

Urtero bezala, kanoikadak emango dio hasiera donostiarrek urtean gehien espero duten asteari. Abuztuaren 12an, Easo Abesbatzako Eskolaniak (bere 25. Urteurrena dela eta) eta Kresala Elkarteko ordezkariek ohikoa den “Artillero” kanta abestuko dute Alderdi Ederren. Orduantxe emango diete hasiera Gipuzkoako hiriburuko 28 kokapenetan banatutako 460 jarduerei.

Donostiako alkateak nabarmendu duenez, aurtengo berrikuntza bat Amara, Gros edota Antiguo auzoek festetan izango duten garrantzia da.

Besteak beste, herri-kirolek, kale-antzerkiek, kontzertuek, su artifizialek, jolasek, haurrentzako jarduerek eta lehiaketa gastronomikoek hartuko dute hiriburua abuztuaren 12tik 19ra bitartean. Gainera, Musika Hamabostaldiak, Hipodromoak, Aquariumak eta bestelako kultur elkarteek beste 149 ekitaldi antolatu dituzte aurtengo jaietarako.

Aurtengo Aste Nagusiko berrikuntzen artean, ondorengoak nabarmendu daitezke: gauez egingo den lasterketa bat, erraldoi eta buruhandiek osatutako konpartsa “ibiltaria”, gorrak diren edo entzumen-urritasuna duten pertsonei zuzendutako zinema emanaldiak Ondarreta hondartzan eta emakume arraunlariek Urumea ibaian egingo dituzten estropadak.

Gainera, abuztuaren 19an 2017ko Aste Nagusiari agur esateko ordua iristen denean, ekitaldi “berezi” bat prestatu dute. Lau jarduera desberdinek osatuko dute itxiera ekitaldi hori, eta, horietako bat, Zuloaga Plazan garatuko da eta Agur Asteari izena izango du.

Era berean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren beste ekitaldi bat egongo da Konstituzio plazan. Hala, Kontxako badian su artifizialak eta musika lotzen dituen ekitaldiarekin bat egingo dute.