Itxi

Herriak eta Hiriak

Zirkulazioa

Bilboko erdiguneko bi radarrak martxan daude jada

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mazarredo zumarkalean eta Errekalde zumarkalean daude, bertan zirkulazioa moteltzeko asmoz.

1:24

Bilboko Udalak bi radar jarri ditu hiriburuko erdigunean, eta dagoeneko martxan dira. Bat Mazarredo zumarkalean, eta, bestea, Errekalde zumarkalean, 25. eta 27. zenbakien artean. Zirkulazioa moteltzea da helburua.

Errekalde zumarkalea noranzko bikoa da, eta biotan bi errei daude. Zirkulazio handiko gunea da, Bilborako sarbidea delako. Gainera, ibilgailuek 50 kilometro orduko abiaduraren muga gainditzen dute sarritan. Abandoko barrutia eta gaitasun handiko sare metropolitarra, aireportua eta iparraldeko auzoak lotzen ditu.

Tarte horretan, lau autobus geraleku daude, eta autobusek bi erreietako bat osorik hartzen dute geraleku horietan geldialdia egiten dutenean.

Udalak neurri hauek hartu ditu:

- Erabilera askotako erreia: tarte guztian eskuineko erreia alde bietan aparkatzeko izango da zirkulazioaren intentsitatea txikia den ordutegian; hau da, gauez eta asteburuetan. Autobus-geralekua duten etxadietan ezingo da aparkatu. Horrela, aparkatzeko 71 plaza gehiago egongo dira aipatutako ordutegian. Zirkulatzeko ordutegia hau izango da: astelehenetik barikura, 07:30etik 20:00etara; zapatuetan, 09:00etatik 20:00etara; eta domeketan, 11:00etatik 20:00etara.

- Seinaleen errefortzua: alde bietako erdiko erreietan, lurreko seinale gehiago jarriko dira, gehieneko abiadura orduko 50 kilometrokoa dela adierazteko. Salbeko zubitik behera jaisten direnentzat, zutikako seinaleak jarriko dira abiadura-muga adierazteko, eta lurrean ere jarriko dira seinaleak.

- Radar-kabinak: Udalak radar-kabina bi jarri ditu, disuasio-neurri gisa: bata Mazarredo zumarkalearen parean eta bestea Errekalde zumarkaleko 25. eta 27. zenbakien artean (Colon de Larreategi eta Henao kaleen artean).

- Guggenheim Museora joateko informazio-seinaleak: informazio-seinaleak jarriko dira galtzadan Errekalde zumarkalean, Moyua-Mazarredo noranzkoan.