Itxi

Herriak eta Hiriak

Andra Mari Zuriko jaiak 2017

Jaietako egun handia ospatu dute gasteiztarrek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sexu-erasoei gaitzespena erakusteko moduaren inguruan iaz desadostasunak izan zirela medio, zatituta azaldu dira aurten Gasteizko koadrillak ohiko "kalejiran".

1:47

Andra Mari Zuriaren omenez egindako jaietako egun handia dute gaur Gasteizen. Gaurko protagonistak bigantxak izan dira (aurten zezenketak debekatu baitituzte), eta blusek eta neskek osatutako koadrillen zatiketa ere agerian geratu da.

Egunaren hasieran, abuztuaren 5ean ohikoa denez, Egunsentiko Arrosarioaren prozesioan parte hartu dute Gasteizko erdigunean, isil-isilik. Geroago, neskek eta blusek Mikel Deunaren elizaraino jo dute, eta euren patroiari lore-eskaintza egin diote. Andra Mari Zuriari, gainera, ohorezko aurreskua eskaini diote, eta horrek musika-doinuak piztu ditu kaleetan barrena.

Zezenketarik gabeko jaiak egingo dituen euskal hiriburu bakarra da aurten Gasteiz, horien ordez bigantxak atera dituztelako. Ondorioz, Iridier Arena zezen-plazan bigantxak izan dira arratsaldean, eta "Humor Amarillo" telebista-saioaren antzeko ikuskizuna eskaini dute.

Horrez gain, zezenketen aurkakoek "photocall" bat antolatu dute zezen-plazatik gertu, zezenketak debekatu izanagatik euren poza adierazteko asmoz.

Bestalde, ohiko "aurkezpen-paseoa"ri "kalejira" izena eman diote aurten, eta bi txandatan egin dute. Federazioa osatzen duten zazpi taldeak atera dira lehendabizi. Sexu-erasoei gaitzespena erakusteko moduaren inguruan desadostasunak izan ziren iaz koadrillen artean; hori dela eta, talde batzuk banatu egin ziren.

Erraldoiak, buruhandiak, txikientzako ikuskizunak eta bertsolari-saioak, besteak beste, aurki ditzakegu gaurko jai-egitarauan.