Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilboko Jaiak 2017

Bilboko Aste Nagusiari jarraipen berezia EiTBn

EITB

Gauero su artifizialak eskainiko ditu Euskal Telebistak zuzenean Ilaski Serrano eta Agustin Ezenarroren eskutik.

0:18

Bilboko Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute EiTBko hedabideek abuztuaren 19tik 27ra bitartean. Urtero legez, zuzenean eskainiko dira jaiei hasiera emango dien txupinazoa eta Marijaiaren harrera Bilboko Arriaga Antzokian. Horrez gain, 'Bilboko Aste Nagusia 2017' saioak, su artifizialak eskainiko ditu gauero, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere Aste Nagusiaren hasierako txupinazoa eskainiko dute zuzenean, eta festak irauten duen bitartean, jarraipen zabala egingo diote jaiari saio eta albistegi desberdinetan.

eitb.eus-ek, bere aldetik, Bilboko Aste Nagusiko albiste, argazki, bideo eta egitarau osoa kontsultatzeko aukera emango du EiTBko webgune berezian.

Marijaia 2017

Larunbat arratsaldean, Bilboko Aste Nagusiaren hasiera ekitaldia eskainiko dute zuzenean ETB2k eta eitb.eus-ek. Zuzen- zuzenean arituko dira Sonia Charcan eta Ander Iribar kazetariak Marijaiari ongietorria ematen, eta 18:15etik aurrera, Arriaga Antzokian abiatuko den jaiari buruzko kontakizuna egingo dute.

Bestalde, Maite Eskarmendi kazetariak kaleko giroaren berri emango du eta Arriaga Plazara gerturatutako bilbotarrekin egongo da, euren hitzak eta zirrara jasotzeko. Antzoki barruan, gainera, Luisma Laboak, bertara hurbilduko diren pertsonaia ezagunak elkarrizketatuko ditu, besteak beste, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Nati Ovelleiro pregoilaria, Ane Ortiz txupinera eta Itziar Urtasun jaietako zinegotzia.

Horrez gain, Priscila, La Reina del Desierto musikaleko aktoreekin, Bilboko Konpartsako Iker Martín eta Oihana Pascual kideekin eta Aste Nagusiarekin harreman zuzena duten beste protagonistekin ere izango da. Besteak beste, Jon Ortuzar, Euskalduna Jauregiko zuzendari ohia, Felix G. Modroño idazlea, eta Arturo Trueba, La Ría del Ocio aldizkariko sortzailea.

Luisma Laboak gainera, aurreko urteetako txupinerak ere elkarrizketatuko ditu, horien artean, Magdalena Landa (Txupinera 1987), Nerea Ahedo (Txupinera 1993), Lurdes Luke (Txupinera 2002) eta Josune Bañales (Txupinera 1994).

Horrez gain, erreportaje ezberdinak eskainiko ditu saioak. Bilboko konpartsek arratsaldeko 17:00etan egingo duten txupinazo propioa azalduko dute eta Marijaiaren harreraren aurretik txosna eta barraketan bizi den giroaren berri emango dute.

Gainera, EiTBko irratiek ere zuzenean eskainiko dute txupinazoa. Euskadi Irratian Ainhoa Mendiburuk egingo du kontakizuna, eta Radio Euskadin berriz Galder Perezek.

Pregoia, txupinazoa eta Marijaiaren harreraren ostean, Bilbok ekintzez eta kontzertuz betetako bederatzi eguneko jaiari hasiera emango dio ehunka bilbotarren aurrean. ETBko kamerak bertan egongo dira gertatzen den guztiaren berri emateko, eta ekitaldia eitb.eus webgunearen bitartez zuzenean jarraitzeko aukera izango dute erabiltzaileek.

'Bilboko Aste Nagusia 2017'

ETB1ek gainera, 'Bilboko Aste Nagusia 2017' saioa eskainiko du gauero, Agustin Ezenarrok eta Ilaski Serranok aurkeztuta. Igandean hasi eta Bilboko Aste Nagusian zehar, Bizkaiko hiriburuan izango den giroaren berri emango du saioak 22:15etik aurrera.

Gauero, XXVII Villa de Bilbao Nazioarteko Su Artifizialen lehiaketako ikustaldiak eskainiko ditu saioak zuzenean, egunean zehar emango diren ekitaldien inguruko erreportajeak aurkeztuko ditu, eta gonbidatu bereziak ere izango ditu.

Aste Nagusiaren azkeneko egunean gainera, abuztuaren 27an, 'Agur Marijaia' ekitaldia eskainiko du saioak zuzenean.

aioak zuzenean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista