Itxi

Herriak eta Hiriak

IRAILAK 6

Euskal Jaietako azoka berezia egingo dute asteazkenean Ordizian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Asteazkeneroko azokaz gain, fruta eta barazki, ganadu eta Idiazabal gazta lehiaketak egingo dituzte, besteak beste.

  • 2016ko Ordiziako gazta irabazlea. Argazkia: EiTB

    2016ko Ordiziako gazta irabazlea. Argazkia: EiTB

Ordizian Euskal Jaietan murgilduta dira egunotan, baina asteazkenean izango dute hitzordu nagusia. Asteazkenero bezala, azoka egingo dute Ordizian, baina asteazken honetakoa berezia izango da, besteak beste, Idiazabal gazta lehiaketa egingo delako.

Gau goizean eman dituzte asteazkeneko azoka bereziaren inguruko xehetasunak eta guztira, 200 saltoki baino gehiago izango dira asteazkenean Ordizian. Donostian egindako prentsaurrekoan, asteazkeneko azoka berezira joateko eta bertako produktuak erosteko deia egin dute antolatzaileek.

Ohiko erakusketa eta lehiaketen artean, latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa ospatuko da. Horrez gain, fruitu eta barazki lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa eta  Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketak egingo dituzte.

XLIV. gazta lehiaketa 10:30ean hasiko da. Sukaldari, kritiko gastronomiko, gastronomo eta kazetariek osatuko dute epaimahaia, eta Juan Mari Arzak sukaldaria izango da epaimahaiko presidentea. 13:30ak aldera jakinaraziko da gazta irabazlea eta, ondoren, enkantea egingo dute.

Aurrez, Udalak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak Tito Irazusta Adarraga kazetaria omenduko du, gazta lehiaketako epaimahaikide gisa urtetan egin duen lanagatik.

Bestalde, hainbat erakusketa izango da: perretxikoak, Euskal Oiloa eta nekazaritzako tresneria eta makinaria.