Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilbo

Eneko Atxak gidatuko du Euskalduna Jauregiko jatetxea

Agentziak | Erredakzioa

Jauregibarria jatetxeko (Zornotza) Beñat Ormaetxeak egindako proposamenarekin lehiatu da Atxa, eta bera gailendu da azkenean.

  • Eneko Atxa. EiTB

    Eneko Atxa, artxiboko irudi batean. EiTB

Hiru Michelin izar dituen Eneko Atxa sukaldariak (Azurmendi jatetxea, Larrabetzu) hartuko du Euskalduna Jauregiaren jatetxearen ardura 2018tik aurrera. Fernando Canalesek Etxanobe utzi eta beste jatetxe bat zabaldu behar du Bilbon, eta haren ordezkoa topatzen ibili da azken asteotan Euskaldunaren Administrazio Kontseilua.

Lehiaketa publikoan, bi proposamen egon dira nor baino nor: bata, Atxaren Azurmendi Enea enpresak aurkeztutakoa, eta bestea, Zornotzako Jauregibarria jatetxearen buru den Beñat Ormaetxearena.

Asteartean egin zuen bilera Euskalduna Jauregiko Administrazio Kontseiluak, eta Atxaren alde egitea erabaki zuen. Zuzendaritzaren arabera, Azurmendi Enearen proiektuak "bertoko gastronomiaren errezeta tradizionalei garrantzia ematen dien Bizkaiko sukaldaritza du oinarri". Dena dela, bi proiektuen "maila aparta" nabarmendu du Kontseiluak.

2018tik aurrera, bada, lau jatetxe kudeatuko ditu Atxak. Euskal Herrian bi, Euskalduna Jauregikoa eta Larrabetzukoa (Azurmendi), atzerrian beste bi, Tokion eta Londresen.

Fernando Canales 18 urtez izan da Euskalduna Jauregiko Etxanobe jatetxearen buru. Aurki Bilbo erdigunean beste jatetxe bat zabalduko duela eta, Euskalduna utziko zuela iragarri zuen maiatzean. Abenduaren 31ra arte, baina, Etxanobe jatetxea kudeatzen jarraituko du.

Jatetxea ixten dutenean, lanak egingo dituzte bi hilabetez. Hala, 2018ko martxoan jatetxe eraberritua zabalduko du Atxak.