Itxi

Herriak eta Hiriak

Urriaren 23etik 25era

Euskadiko Pintxo Txapelketaren XII. edizioa hartuko du Donostiak

Agentziak | Erredakzioa

Urriaren 23ra arte pintxo eskaintza gastronomikoa egongo da Donostian. Aurreko urteetan lehiaketa irabazi duten pintxoak dastatzeko aukera egongo da bertan.

  • Euskadiko Pintxo Txapelketaren XII. edizioa hartuko du Donostiak. Argazkia: @EnekoGoia (Twitter)

    Euskadiko Pintxo Txapelketaren XII. edizioa hartuko du Donostiak. Argazkia: @EnekoGoia (Twitter)

Urriaren 23etik 25era bitartean Donostiak Euskadiko Pintxo Txapelketaren XII. edizioa hartuko du. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Amstel Oro Pintxo Lehiaketak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu aurten. Urtero bezala, Euskadin, Nafarroan eta Iparralden espezialitate horretan onenak diren sukaldariek parte hartuko dute lehiaketan.

Ostegun honetan Donostiako Udalean egin dute pintxo goxoena bilatzeko txapelketaren aurkezpena. Bertan izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Maider Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria eta Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, besteak beste.

Antolatzaileek ohar baten bidez jakitera eman dutenez, aurtengo edizioa Kursaal Batzar Jauregian egingo da. Dena dela, herritarrengana hurbiltzeko asmoa dutenez, urriaren 23ra arte pintxo eskaintza gastronomikoa egongo da Donostian. Aurreko urteetan lehiaketa irabazi duten pintxoak dastatzeko aukera egongo da bertan.

Euskadiko Pintxo Txapelketaren XII. edizioa urriaren 23an hasiko da, Kursaal Jauregian. Bi egunez 80 bat sukaldarik hartuko dute parte lehiaketan, baina bakar batek irabaziko du pintxo onenaren saria: txapela eta 3.000 euro.

Aurreko urteetako txapeldunen artean, ondorengo sukaldari hauek daude: Iñaki Rodaballo (Punk Bach, Gasteiz), Edorta Lamo eta Iñigo Cojo (A Fuego Negro, Donostia) eta Alex Mugica (La Cocina de Alex Mugica, Iruñea).

Nazioartean prestigio handia duten sukaldari ezagunek osatuko dute epaimahaia, hala nola, David Muñoz, Martin Berasategui edota Raul Balam.