Itxi

Herriak eta Hiriak

Zorroztasun-greba

Akordiorik gabe, Gasteizko Udalaren eta Udaltzaingoaren arteko bileran

Agentziak | Erredakzioa

Aldeak asteazken honetan bilduko dira berriro. Presioa egiteko, isunak jartzeko kanpaina bat martxan dagoenik ukatu dute udaltzainen ordezkariek.

  • Zorroztasun-greba Gasteizen. Artxioko irudia: EiTB

    Zorroztasun-greba Gasteizen. Artxioko irudia: EiTB

Gasteizko Udalak eta Udaltzaingoak bilera egin dute gaur, jarrerak hurbiltzeko eta zorroztasun-grebari amaiera emateko saiakera batean, baina batzarra akordiorik gabe bukatu da. Hala ere, aldeak asteazken honetan bilduko dira berriz.

Funtzio Publikoko eta Segurtasun Arloko ordezkariek, Carlos Zapatero zinegotziak eta udaltzainen ordezkariek parte hartu dute bileran. Presioa egiteko, isunak jartzeko kanpaina bat martxan dagoenik ukatu dute udaltzainen ordezkariek.

Udaltzaingoan “hutsik dauden postuak betetzeko konpromisoa berretsi” du Udal Gobernuak. Testuinguru horretan kokatu ditu aurtengo lan eskaintza publikoa eta 2018an deitu nahi duena. Udalak bileran azaldu duenez, kopurua oraindik ez dute finkatu; izan ere, Exekutibo zentralak hartzen dituen erabakien eta Udaltzaingoan ematen diren bajen menpe dago.

"Beltzezko egunak"

“Beltzezko egunak” deritzonak (udaltzainek libratu ezin dituztenak) negoziatzeko prest agertu da Udala. Bestalde, “zerbitzu zehatzetan udaltzain gehiago erabili ahal izateko antolakuntza formulak bilatzeko konpromisoa” azaldu du Udalak.

Bilera ondoren, negoziazioak aurrera jarraitzea baloratu du EAJren eta PSEren Gobernuak, nahiz eta jarrerak ez hurbildu, baina isunen kanpaina amaitutzat ez ematea deitoratu du; izan ere, zorroztasun-greba aurrera eramaten ari direnik ukatu dute udaltzainek.

Hala ere, urriaren bukaeratik isunen kopurua sei aldiz biderkatu da Gasteizen, Udaleko iturrien arabera.