Itxi

Herriak eta Hiriak

2017ko Gabonak

Olentzerok eta Mari Domingik etxea estreinatuko dute Gabonetan Gasteizen

Erredakzioa

Uraren Ezkutuko Lorategian kokatuko dute, Florida parketik oso gertu; abenduaren 5etik aurrera egongo da aukera bisitatzeko.

  • Olentzerok (irudian, Gasteizera heltzen) etxea estreinatuko du Arabako hiriburuan (EiTB).

    Olentzerok (irudian, Gasteizera heltzen) etxea estreinatuko du Arabako hiriburuan (EiTB).

Olentzerok eta Mari Domingik etxea estreinatuko dute Gasteizen 2017ko Gabonetan; pertsonaia horien bi figura izango dira Uraren Ezkutuko Lorategian, etxola batean, abenduaren 5etik aurrera, xede izanik umeek aukera izatea haiei euren gutunak emateko. Udalak Gabonetarako prestatu duen egitarauaren nobedadeetako bat da.

Estibalitz Canto Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak ostegun honetan aurkeztu du, prentsaurrekoa, aipatutako egitaraua. Figurak eta etxola Gorka Otsoa de Alda y Angulok sortu ditu; aurten, gainera, Mari Domingik protagonismo handiagoa izango du: "Olentzerorekin batera doan pertsonaia ez da, eta ezin da izan, bigarren mailakoa, baizik eta Olentzeroren laguna, berdintasunean; berak ere ekarriko die poza Gasteizko umeei bere oparien bidez", nabarmendu du.

"Herritarrek eskatu zuten, eta hona hemen gure erantzuna: Olentzerok eta Mari Domingik ere izango dute euren lekua Gabonetan. Eta, gainera, kontuan izan dugu jendeak esandako beste gauza bat: tradizioak ez nahastea. Hori dela, aukeratu dugu, etxola kokatzeko, Jaiotza Monumentaletik gertu dagoen toki bat, baina, azken finean, independentea den kokaleku bat", azaldu du Cantok.

Kultura departamentutik bi ekintza gauzatuko dituzte (berez, departamentuak badu bere karroza desfilean, eta diskurtsoa ere ematen da balkoian): alde batetik, Mari Domingik ere egingo die harrera umeei, Olentzerorekin batera; eta, halaber, departamentuak gutuna bidaliko die eskola guztiei, pertsonaiari balioa ematea eta horrek zentroetan berdintasunezko tratamendua jasotzea xede.

Olentzero eta Mari Domingiren etxea, bai eta Jaiotza Monumentala ere, abenduaren 5ean irekiko dituzte, 16:00etan, eta urtarrilaren 7ra arte izango dira zabalik. Olentzero eta Mari Domingiren etxea bisitatzeko ordutegia, gutunak eman ahal izateko, hauxe izango da: 10:00etatik 21:30era arte. Jaiotzaren kobazuloa 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:30era izango da ikusgai; Jaiotzaren Bedeinkapena abenduaren 24ko 13:00etan egingo dute.

Olentzero eta Mari Domingiren eta Errege Magoen desfileak

Abenduaren 24an iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Gasteizera, galtzagorriekin batera, opariak emateko asmoz. Biek (lehen aldiz) 10:00etatik 15:00etara jasoko dituzte umeen bisitak, egun horretan.

Desfilea 18:00etan abiatuko da, Iparralde gizarte etxetik, eta ibilbide hau egingo du: Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Olagibel kalea, eta Espainia plaza. 375 lagunek hartuko dute parte bertan.

Errege Magoak, berriz, urtarrilaren 5eko 11:00etan iritsiko dira Gasteizko tren-geltokira; 11:20 aldera, Udaletxeko balkoi nagusira aterako dira agur egitera; 12:15etik 18:00etara, haurrei harrera egingo diete Goiuri jauregian, eta bidezko merkataritzako piruletak banatuko dituzte.

Desfilea 19:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik, eta ibilbide hau egingo du: Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, Florida kalea, Ramon y Cajal kalea, Micaela Portilla kalea, Laskarai kalea eta Gasteiz hiribidea; Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzean bukatuko da. Desfile horretan 390 pertsonak hartuko dute parte.

Beste ekitaldi batzuk

Arabako Abesbatzen Elkarteak 27 kontzertu egingo ditu abenduaren 22tik urtarrilaren 3ra arte, gabon-kantak abestuz. Halaber, eta kale eta plazak animatzeko asmoz, 5 fanfarre ibiliko dira oinezkoen alderdian gora eta behera, abenduaren 23tik 31ra bitartean.

Bestetik, Mendizorrotzeko Haur Ikuskizunen XIII. Erakustaldian, abenduaren 26tik urtarrilaren 2ra bitartean, milaka haurrek euren pertsonaia gustukoenak ikusteko aukera izango dute; guztira, lau ikuskizun eskainiko dituzte: “El libro de la selva, la aventura de Mowgli”, “La loca historia de la bella durmiente”, “Rockin’ Bizi” eta “Kontukantari”.

Butaka Txikia programan, berriz, umeentzako 8 ikuskizun eskainiko dituzte gizarte etxeetako antzoki eta aretoetan: antzerkia, txotxongiloak eta musika, kalitateko proposamenak beti. Ikuskizunak eskainiko dira abenduaren 26, 27, 28 eta 29an, eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 7an, eta sarrerak abenduaren 16ko (larunbata) 10.00etatik aurrera izango dira salgai, bost euroko prezioan.

Azkenik, aurten Kirol Zerbitzuak hartuko du berriro ere izotz-pistaren kudeaketa. Zabalik izango da Andre Maria Zuriaren plazan, abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra arte, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 22:00etara bitartean. 2,5 euro ordaindu beharko dituzte 16 urtetik beherakoek, eta 4 euro 16 urtetik gorakoek; txirristaren prezioa, berriz, 0,80 eurokoa izango da.