Itxi

Herriak eta Hiriak

Nafarroa

Kalamu elkarte bat itxi dute Iruñean droga saltzeagatik

Agentziak | Erredakzioa

Elkarteko presidentea eta diruzaina atxilotu dituzte, eta marihuana, haxixa eta 20.000 euro topatu ditu Espainiako Poliziak miaketan.

Espainiako Poliziak kalamu elkarte bat itxi du Iruñean, Txantrea auzoan, marihuana eta haxixa saltzea egotzita, eta bi pertsona atxilotu ditu: elkarteko presidentea eta diruzaina.

Agenteek bi lokal miatu dituzte operazioan. Lehenengoan, gazteek drogak kontsumitzen zituzten; bestea, kalamu elkarte gisa erregistratuta zegoen, baina droga saltzeko erabiltzen zuten susmoa du Poliziak.

Iruñeko Herritarren Segurtasunerako Brigadak emandako abisuari jarraiki abiatu zuten ikerketa. Azkenaldian, Txantrea auzoan marihuana eta haxix gehiago atzematen ari zirela eta, susmo txarra hartu zioten Doneztebe kalean zegoen lokal bati.

Espainiako Polizia Judizialaren ikerketek gerora egiaztatu ahal izan dutenez, kalamu elkarte batek erabiltzen zuen, baina elkartearen estatutuetan ezarritakoaren kontra, marihuana eta haxixa saldu eta bertan kontsumitzen uzten zien bezeroei.

Miaketa

Elkartearen egoitza miatuta, honakoak aurkitu dituzte agenteek: hiru kilo marihuana (zati bat saltzeko prest), purutasun handiko 135 gramo haxix erretxina, bost gramo haxix olio, hiru doitasun-balantza elektroniko eta 20.000 euro eskudirutan.

Marihuana poltsak tiraderetan zeuden sartuta, batzuk bezeroaren izenarekin. Pakete handienak (hutsean ontziratuta) bi kutxa gotorretan zituzten gordeta, lokalaren sabai faltsuan ezkutatuta.