Itxi

Herriak eta Hiriak

Ostegunean

Bilbok segurtasuna eta garbiketa indartuko du San Tomas egunean

eitb.eus

Aurten azokaren 70. edizioa izango da, 276 saltoki egongo dira, horietako 218 Areatza inguruetan eta 58 Plaza Barrian.

  • Aurreko urteko San Tomas eguneko argazkia.

    Aurreko urteko San Tomas eguneko argazkia: Julio Mendiak.

Bilboko Udalak operatibo berezia abiatuko du abenduaren 21erako, San Tomas ohiko nekazaritza azoka dela eta. Horrela, Areatza eta Plaza Barriko ingurua Euskal Herriko kaleko azoka nagusi bihurtuko da berriro ere ostegunean.

Aurten, azokaren 70. edizioan, 276 saltoki egongo dira, 218 Areatza inguruetan eta 58 Plaza Barrian, eta denetarik izango da bertan salgai: barazkiak, gaztak, frutak, txakolina, sagardoa, taloa, baserriko ogia, eztia, animaliak, landareak, loreak eta gure baserritarren beste produktu batzuk.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak biek zainduko dute jai-esparrua, oinezko patruilen eta uniformerik gabeko agenteen lana indartuta; horrela, herritarren eskariei eta suerta litezkeen gorabeherei berehala erantzuteko moduan egongo dira.

Uniformedun patruilak ibiliko dira jai-esparruan eta inguruetan, eta kontrolgune finkoak egongo dira Ernesto Erkoreka plazan eta Plaza Biribilean azokaren perimetroa jagoteko, herritarren segurtasuna zaintze aldera. Gainera, Udaltzaingoak bulego mugikorra jarriko du Areatzako aterpeetan, salaketak jasotzeko.

Bestalde, San Tomas eguneko garbiketarako operatibo berezia 120 lagunek osatuko dute. Ostegunean bertan, tamaina desberdinetako 260 edukiontzi jarriko dira jai-esparruan, han eta hemen, zaborra eta hondakinak gaika biltzeko. Horietako asko beira biltzeko edukiontziak izango dira.

Egun osoan eta, batik bat, eguerdian, jende ugari etortzea espero denez, Areatza eta Plaza Barriko guneetara joateko garraio publikoa (batez ere metroa eta tranbia) erabiltzeko aholkatu du Bilboko Udalak.

Urtero bezala, Areatza izango da San Tomas eguneko Azokaren agertoki nagusia. Hori dela eta, 09:00etatik 22:00etara, gutxi gorabehera, Zingira kalearen, Erribera kalearen eta Areatzako Zubiaren artean jai-esparrua izango denez, ibilgailuentzat itxita egongo da. Aste Nagusian inguru horretan egiten diren murrizketak egingo dituzte.

Bilbobusek lanegunetako ohiko zerbitzuak eskainiko ditu, Gautxoriaren zerbitzua 02:00etara arte jarrita, eta 18 lineako ibilbideetan aldaketak egingo dira.

Areatzako aterpeetan, osasunaren arloko gunea jarriko da: berehalako laguntza sanitarioa, anbulantziak eta segurtasuna koordinatzeko zentroa. Gainera, alde horretan salaketak jasotzeko bulego mugikorra izango dute udaltzainek egun osoan.

Plaza Barrirako sarrera-irteera guztietan, sartzeko bide bat eta irteteko beste bat egokituko dira; hortaz, sarrerak eta irteerak errespetatzeko eskatu diete herritarrei.