Itxi

Herriak eta Hiriak

Segurtasuna

Donostiak segurtasunerako oztopoak jarriko ditu eraso terroristak saihesteko

eitb.eus

Udalak jende gehien dabilen lekuetan jarriko ditu elementu horiek, bai finkoak baita mugikorrak ere.

1:36

Hiriaren segurtasuna hobetzeko asmoz, Donostiako Udala segurtasunerako oztopoak jartzen hasiko da datozen egunotan jende gehien dabilen lekuetan, jihadisten eraso terroristak saihesteko.

Eneko Goia alkateak astearte honetan azaldu duenez, hiriko hainbat gunetan segurtasun maila handitzeko segurtasun planaren baitan jasota dago hirian hainbat segurtasun elementu finko eta mugikor jartzea, batez ere jende mugimendu handiena dagoen lekuetan.

Laugarren mailako alerta antiterrorista abiapuntu hartuta, Udaleko Hiritarren Segurtasun Sailak Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin adostu du plana.

Plangintzak jendearen joan-etorri askoko guneetako segurtasuna bermatzea izan du ardatz, eta egutegian seinalatuta dauden ekitaldi nagusiak kontuan hartu ditu. Hala, datozen asteotan elementu ugari ipiniko dira hiriko hainbat gunetan, bai finkoak baita mugikorrak ere, plangintzak jasotzen dituen eremuetan segurtasun mailarik handiena bermatzeko asmoz.

Elementuok egoera eta unean uneko beharren arabera egokitu ahal izango dira. Segurtasuna bermatzeko, plangintza horren xehetasunak ez dira publikoan jakinaraziko, hori eginez gero indarra galduko luketelako.