Itxi

Herriak eta Hiriak

Saria

Richard Oribek Urrezko Danborra jaso du

Agentziak | Erredakzioa

Igerilari paralinpiko donostiarrak Eneko Goia alkatearen eskutik jaso du hiriko garaikur nagusia. Herritarrek aukeratu zuten Oribe.

6:57
Richard Oribe

Richard Oribe igerilari donostiarrak 2018ko Urrezko Danborra jaso du San Sebastian egunean. Herritarrek erabakita eman diote igerilari paralinpiko donostiarrari hiriko garaikur nagusia. Eneko Goia alkatearen eskutik hartu du, 12:30ean Donostiako Udaletxeko osoko bilera aretoan.

Garaipen-zerrenda izugarria duen atleta da Oribe. Trajez jantzita sartu da aretoan, oso dotore eta irribartsu. Ez du gurpil-aulkirik eraman, 20 urtez haren entrenatzaile eta "bigarren aita" den Javier de Aymerichek lagunduta iritsi baita. Txaloaldi luzea eskaini diote Oriberi. Donostiarrek asko maite dute kirolaria.

Oriberen kirol lorpenak goraipatzeaz gain, jaio zenetik izan duen "jarrera borrokalaria" azpimarratu du Tito Irazusta kazetariak, horrek bilakatu baitu "hobetze, inklusio eta ilusio eredu".

Ondoren, Eneko Goia alkateak hunkituta hitz egin du, Oribe "titan donostiarra" dela nabarmentzeko. "Abentura erraldoi eta paregabe" baten protagonista dela ere adierazi du, "ez baita ezer egin gabe geratu", desgaitasuna duen pertsona izan arren, eta "egunero hobetzea" izan duelako helburua, lehiatu eta "bikaintasuna" erdiesteko.

"Munduko gizonik zoriontsuena" dela esan dute Oriberen lagunek eta familiak. Orain arteko lortutako urre olinpiko guztiek baino ilusio gehiago egin diola onartu dute. Amaieran, garaikurra eskertu ez ezik, sentitzen duen zoriontasuna agertu du igerilariak.