Itxi

Herriak eta Hiriak

Ekologia

Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatuko du Gasteizek jardueraz beteta

agentziak| erredakzioa

Argazki erakusketa prestatu du, egurrezko marko handi bi jarri ditu eta hitzaldiak antolatu ditu.

  • Gasteizko Eraztun Berdea Antonio Ortiz de Zarate eremuan.

    Gasteizko Eraztun Berdea Antonio Ortiz de Zarate eremuan.

Gasteizko Udalak hainbat jarduera eta ekimen antolatu ditu 2018an zehar Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko. Egitarauak hiru bloke izango ditu: lehenengoa herritarren ikuspuntua izango da, bigarrena adituena eta hirugarrena Eraztun Berdea giza topagune bezala aurkeztea gasteiztarrei.

Eraztun Berdeak duen garrantzia azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak hiriaren ikonikoetako bat baita horri esker gune narriatuak berreskuratu direlako izadiarentzako eta aisialdirako. Lasarte legar-hobien inguruan Larragorri parkea prestatzea dute helburu orain, eta Nebera gainean nekazaritza eta abeltzaintza kudeatzeko proiektu bat bultzatu nahi dute, eta, hasteko, alkatearen arabera, 170.000 euro inguru inbertituko dituzte bideak eta sailak egokitu eta ibilbide berdeak irisgarriagoak egiteko, eta, halaber, ibilgailu elektrikoak erosi dituzte, edozein pertsonak ondasun natural horrekin gozatzeko aukera izan dezan.

Herritarrek duten ikuspegia erakusteko, Eraztun Berdeari buruzko argazki ederrenen erakusketa bat jarriko dute ikusgai Atarian, herritarrei zuzendutako argazki-lehiaketa bateko argazkirik onenak hautatuta. Herritarrek Facebook, Instagram eta Twitter sare sozialen bidez aurkeztu beharko dituzte lanak, martxotik aurrera. Erakusketa ibiltari batean, berriz, herritarrek Eraztun Berdearekin nolako bizipenak dituzten kontatuko dute.

Eraztun Berdearekin harremana sendotzeko, egurrezko marko handi bi jarriko dituzte bertako leku ezagunenetan, Atarian eta Olarizun, bisitariek argazkiak egin ahal izateko. Horrez gain, bi bideo egingo dira Eraztun Berdeak adierazpen artistikorako duen ahalmen handia islatzeko.

Maiatzetik aurrera, adituek euren espazioa izango dute. Jardunaldi, foro eta lantegi teknikoak egingo dira, profesional, ikasle eta teknikariei zuzenduta, baita dibulgazio-hitzaldiak ere. Maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean, “Gasteizko Eraztun Berdeak 25 urte. 2050era begira, hiria-izadia harremana berrosatzea” izeneko jardunaldietan, hiri eta unibertsitateetako ordezkariek, teknikari eta profesionalek eta ordezkari politikoek euren eskarmentua eta lanak partekatuko dituzte.

Gehiago iraungo du Paisaiari buruzko Gasteizko VI. Hiri Foroak, maiatzaren 28tik ekainaren 8ra bitartean egingo baitute. Ikasleek, Estatuko zein nazioarteko ikerlari eta profesionalek Eraztun Berdea garatzekoereduak aurkeztuko dituzte foro horretan. Zuzendaritza tekniko eta akademikoan Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa eta New Yorkeko SUNNY-ESF unibertsitatea egongo dira.

Hiri Ekologiaren Gelari eutsiko dio IGIk (Ingurugiro Gaietarako Ikastegia) dibulgazioko hitzaldi zientifiko-teknikoak eskainiz.

Giza topagunearen inguruan ere egituratuko da programa. Eraztun Berdeak aisialdi eta kirolerako leku bezala duen balioa aldarriaktuko dute, eta hainat jarduera egingo dituzte asmo horrekin urtean zehar. Egitarauari amaiera emateko, jendetza bilduko duen eta indar sinboliko handia izango duen ekitaldi bat egin nahi dute, baina lantzen ari dira oraindik.