cerrar buscador

21:46

Sanferminak

12:00etan

Iruñea jendez lepo da, txupinazoaren zain

Erredakzioa

Tanta batzuk bota baditu ere, oraindik ez da zaparradarik izan. Giroa alaia da Udaletxe plazan, milaka lagunen berotasunean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Iruñeko hiria prest eta irrikan dago, Mikel Martinez Nafarroako hiriburuko Gurutze Gorriko presidenteak txupinazoa noiz botako zain, horrek emango baitie hasiera bederatzi egunean etenik gabe izango diren jaiei.

Iruindarrak zeruari begira errezuka dabiltza,  2014ko sanferminak uretan blai has ez daitezen. Baina eguraldiaren iragarpenak eguerditik aurrera ekaitzak eta zaparradak izango direla dio, eta tenperaturak behera egingo duela.

Eguerdiko 12:00etan puntuan lehertuko da festa, txupinazoa jaurtita. Iruñeko Udala ziur dago aurten ez dela iazkoa bezalakorik gertatuko: 2013ko sanferminen hasiera 20 bat minutu atzeratzea erabaki zuten agintariek, txupinazoa jaurti behar zen unean ikurrina erraldoi bat zabaldu zutelako udaletxeko balkoi aurrean.

Edonola ere, euritan zein ateri, iruindarrek eta bisitariek aukera izango dute jai hauetan izango diren 443 ekitaldi eta ikuskizunetan -ordu erdirik behin ekitaldi bat, gutxi gorabehera - parte hartzeko. 2,4 milioi euroko aurrekontua dute aurtengo jaiek, eta horietatik 952.000 euro ospakizunetara bideratu dira.Iazko entzierro bateko irudia. Argazkia: EFE

Uztailaren 6tik 14ra bitartean izango diren ekitaldi horietatik guztietatik, 320 (% 72 inguru) musikarekin lotuta daude (kontzertuak, berbenak, musika bandak, alardeak eta dantza jaialdiak), haurrentzat 76 jarduera izango dira, zezenen ingurukoak 30 izango dira, 8 herri kirolekin lotuta, eta 9 ekitaldi instituzionalak izango dira.

Jaien egitarauan leku berezia hartu du, ohi legez, Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketak. Milaka eta milaka lagun batuko dituzte gauero Iruñeko gotorlekutik bederatzi gauetan jaurtiko dituzten suek.

Aurtengo helburuetako bat ekitaldietan sexu-erasorik ez egotea da. Xede horri begira, Nafarroako hamalau hedabidek bat egin dute Udalak indarkeria matxistarik gabeko sanferminak ospatzeko abiarazi duen kanpainarekin.

Nafarroako hiriburutik kanpo ere ospatuko dituzte sanferminak, munduan barrena dauden hainbat zentro nafarretan; esaterako, Bartzelonan, Madrilen, Gasteizen, Logroñon, Zaragozan, Bilbon, Burgosen, Sevillan, Valladoliden eta Santanderren; baita Parisen, Argentinako, Rosarion eta Mendozan, eta Bolivarren.

Eta gogoan izan EiTBk zuzeneko irudiak eskainiko dituela uneoro web-kameren bidez. Hona hemen Gaztelu Plazako irudiak

Entzierroak baino gehiago dago sanferminetan. Irudia: EFE

Kanpotarrek diru gehiago uzten dute

Iruñera sanferminez gozatzera etortzen den bisitari bakoitzak 110 euro xahutzen ditu batez beste egunean, Iruñeko Udalak 2013an egin zuen txosten batean ageri denez. Aurreko ikerketetako emaitzekin alderatuta, beraz, bisitariek diru gehiago utzi zuten iaz hirian jaietan.

Oso zaila da hiria zenbat pertsonak bisitatzen duten zehaztea, baina 250.000-300.000 bat direla duela kalkulatzen da.

2006ko datuekin alderatuta, iaz Iruñean lotara geratu zirenek gehiago gastatu zuten; gehien bat, taberna, ikuskizun eta dendetan egindako gastuak igo ziren. Aldiz, ostalaritzan gutxiago gastatu zuten, eta kopuru horrek behera egin zuen pertsona bakoitzeko, 89,9 eurotik 80,63 eurora.

Bideoa, entzierroaren araudi berria azaltzeko

Aurtengo sanferminetan zenbait berrikuntza izango dira. Tartean da Iruñeko Udalak goizero emitituko duen bideoa, Mercaderes kalean, Etxe Mintegiko lehen solairuko balkoi batean ipinitako pantailan. Bertan, entzierroan parte hartuko dutenek bete behar dituzten arauak azalduko dituzte, izan ere, sanferminek ordenantza berria izango dute.

3.350 polizia-agente

3.350 agentek osatuko dute aurtengo segurtasun operatiboa sanferminetan, delituak prebenitzeko, eta delituak izango balira, horiek argitzeko. Txupinazoan sexu erasorik ez izatea zainduko dute bereziki.

Polizia Nazionaleko 900 agente, Guardia Zibileko 1.300, Foruzaingoko 750 eta Iruñeko Udaltzaingoko 400 agente ibiliko dira guztira Nafarroako hiriburuko kaleak zaintzen.

Aurtengo nobedadeetako bat, Enrique Maya Iruñeko alkateak segurtasun operatiboaren aurkezpenean azpimarratu zuenez, txupinazoan sexu erasoak berehala antzemateko egingo duten zainketa berezia da. Azken urteetan txupinazoaren "irudi txarra" zabaldu duten sexu-erasoak antzemateko arreta berezia jarriko dute.

Iruzkinak